Eduki babestua: Urolanprest

Yalila Mouhoub: "Emakumeak ez gara gizonak baino gutxiago, eta lan bera egin dezakegu; hori bai, erakusteko aukerak behar ditugu"

Uztarria.eus 2021ko aza. 30a, 11:00

Industrian emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko, genero estereotipoekin amaitu behar da; gazteek ikasketa teknikoak ikastea sustatu eta sektore horietan aritzen diren emakumeei ikusgarritasuna eman. Yalila Mouhoub (Maroko) bere herrialdeko enpresa bateko arduraduna zen, baina etorkizun hobe baten bila handik atera eta Azpeitian bizi da orain.

Nola animatu zinen edo zerk bultzatu zintuen Ekoizpen mekanikoko laguntzaile ikastaroa egitera?

Ehungintzako fabrika batean kontrol orokorreko lana egin nuen 1996tik 2007ra, eta mila pertsona baino gehiago nituen nire ardurapean. Hura utzi eta bizitza hobe baten bila etorri nintzen Azpeitira. Ordutik, gogor egin dut lana: tabernetan hasi nintzen beharrean, gero emakume helduak zaindu nituen, baina pandemia iristearekin batera, lanik zegoela eta, musukoak egiten aritu nintzen boluntario lanetan. Orain, jatetxe batean egiten dut lana asteburuetan, eta egia esan, oso gustura nago. Iraurgi Berritzenen Azpeitiko Enplegu Zentrora jo nuen aukera berriak aztertzeko, eta han mekanizatu ikastaroa egitea proposatu zidaten. Animatu egin nintzen, eta hasieran galduta sentitu nintzen arren, poliki-poliki joan naiz egokitzen eta emaitza oso onak lortu ditut azterketetan. Gainera, arlo praktikoa ere landu dugu, eta ondo moldatzeaz gain, gustatu egiten zaidala ohartu naiz.

Nola sentitu zara ikastaroan? Ondo moldatu zara irakasleekin eta gainontzeko taldekideekin?

Oso ondo. Irakaslea ere, Eritz Unanue, oso ona iruditu zait; pazientzia du, ondo esplikatzen ditu gauzak... Ikastaroan ez ezik, etxera joatean ere ikasten jarraitzen nuen, bideoak ikusiz, adibidez. Ez zait gustatzen inor baino gutxiago izatea, eta horregatik, ikaskideak bezain ona edo hobea izaten asko saiatu naiz. Beti izan naiz horrelakoa.

Emakume gehiago ba al ziren ikastaroan?

Oso gutxi; nire laguna den beste emakume bat. Gure bideari jarraituz, ea emakume gehiago animatzen diren eta lanerako aukerak zabaltzen zaizkigun. Emakumeak ez gara gizonak baino gutxiago, eta lan bera egin dezakegu; hori bai, erakusteko aukerak behar ditugu. Dagoeneko amaitu da ikastaroa, praktikak egitea falta zait orain, eta ea horren ondoren ateak zabaltzen zaizkigun.

Gustatu zaizu mekanizatuaren mundua? Eta industrian jarraitzeko asmoa al duzu?

Ikaragarri gustatu zait, oso pozik nago, eta, lehen esan bezala, orain, enpresarien laguntza behar dugu aurrera egiteko. Nik hobetzen joan nahi dut, eta horretarako laguntza eskatu edo galdetu egin behar badut, ez dut lotsarik. Ikasten jarraitu nahi dut, ikastaroen bidez nahiz lanean. Lan guztietan daude gizonak eta emakumeak, baina azken finean, emaitza da garrantzitsua.

Erlazionatuak