Eduki babestua: Urolanprest

Industria, genero estereotipoak gainditzen

Uztarria.eus 2021ko aza. 29a, 09:00

Industrian emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko, genero estereotipoekin amaitu behar da; gazteek ikasketa teknikoak ikastea sustatu eta sektore horietan aritzen diren emakumeei ikusgarritasuna eman. Gainera, nabarmentzekoa da industriaren sektoreak sortzen dituela lanposturik egonkorrenak, eta lan baliotsua eta kualifikatua eskaintzen du, ordainsari altuekin.

Industria sektoreak pisu handia izan du gizartean, bereziki Urola Erdia eskualdean. Garai batean, gizonak aritzen ziren sektore horretan lanean nagusiki, eta emakumeek zaintzen zituzten etxea eta familia. Izan ere, industria oso sektore maskulinizatua izan da tradizioz, eskulanarekin eta indar fisikoa behar izatearekin lotu izan delako betidanik. Azken hamarkadetan, baina, emakumearen rolak gero eta pisu handiagoa du lan kualifikatuetan, baina oraindik bide luzea dago egiteko.

Egungo egoerari itzulia emateko eta industrian emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko, genero estereotipoekin amaitu behar da; gazteek ikasketa teknikoak ikastea sustatu eta sektore horietan aritzen diren emakumeei ikusgarritasuna eman. Gainera, nabarmentzekoa da industriaren sektoreak sortzen dituela lanposturik egonkorrenak, eta lan baliotsua eta kualifikatua eskaintzen du, ordainsari altuekin.

Industrian, eta, bereziki, erantzukizun karguetan emakume gutxi egotea nabarmen hauteman daitekeen arazoa da. Izan ere, emakumeak txikitatik hazten dira emakume erreferente oso gutxirekin. Erreferente izan daitezkeen enpresak badira, ordea, Urola Erdian. Azkoitiko Sidenor enpresa, adibidez, 2016tik ari da berdintasuna lantzen, eta alor horretako plan bat garatu du lehen aldiz. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko konpromisoa, emakume eta gizonen arteko egoera, enpresara iristea, etengabeko formakuntza, promozioa eta garapen profesionala, lansarien politika, lan denboraren antolaketa, kontziliazioa eta lan osasuna izan dira aztertu dituzten gaiak.

Berdintasuna lantzeko ekintzak egiten hasi da Sidenor. 2016an ekin zion Berdintasun Planari, eta gauzatutako prozesuari esker, enpresaren egoera orokorraren eta zehatzaren argazkia egin ahal izan dute. Hainbat neurri jarri dituzte martxan egoerari irtenbidea emateko asmoz. Hala ere, Espainiako Gobernuak onartu dituen bi dekretu berriren ondorioz, Berdintasun Plana egokitu egin beharko dute. Orain, enpresa guztientzat da derrigorrezkoa Berdintasun Plana izatea, eta puntu batzuk bete eta plana horietara egokitu behar dute.

"Berdintasunaren alde hasi gara lanean, Berdintasun Plana garatzen ari gara, baina umiltasun osoz, ez gara ezerren eredu. Izan ere, erronka ikaragarria da eta oraindik gauza asko ditugu egiteko. Egia da Berdintasun Plana egina dugula, eta oso enpresa gutxik dutela plan hori gure sektorean, baina, benetan sinesten dugu ez garela eredugarriak. Gauzak egiten ari gara, eta konpromisoa dugu gauzak egiten jarraitzeko, baina bidea oso luzea da, eta gu hasieran besterik ez gaude", agertu dute enpresako arduradunek.

Arazoa detektatuta dute: industrian lan egiteko emakumeen hautagaitzak falta dira. Horren zergatia zehatz esan ezin duten arren, horren atzean faktore desberdinak daudela uste dute: "Zerbait kulturala da, hau da, sektore hau gizonezkoena bezala hartu izan da beti. Horren ondorioz, emakumeen curriculum gutxi, oso gutxi, jasotzen ditugu. Egia da aldatzen ari dela egoera, eta industrian lan egiteko gero eta interes eta gogo gehiago erakusten dutea emakumeek, baina, poliki doa". Izan ere, arduradunen aburuz, gizartean oso barneratuta dago industriakoa lan gogorra eta fisikoa dela. "Hori horrela zen garai batean, baina gaur egun ez. Estereotipo horiek guztiak emakumea txikitu egiten dute, eta ondorioz, emakumeek industrian ezin dutela lan egin pentsatzen dute. Adibidez, lan askotan eskorga erabiltzen dugu, eta sartzen diren langileei horiek erabiltzen irakasten diegu. Esperientzia asko hartzen dute gurea bezalako enpresetan, eskorga erabiltzen dakiten emakume gutxi dago eta. Gurekin ikasteko aukera izan dezakete, eta emaitzak ematen ditu, bai gurekin jarraitzeko, bai beste enpresare batean aritzeko ere", gaineratu dute.

Estereotipoen aurka borrokatu beharra nabarmenduta, mezu berriak helarazi behar direla eta lan horretan aktiboak izan beharra dagoela aitortu dute. Zeintzuk dira, ordea, mezu horiek? "Lantegitik irten, eskoletara zein familietara joan eta argi esan behar dugu: industriaren sektoreak ondo ordaintzen du, kalitatezko lanpostuak eskaintzen ditu, beste arloek baino prekarietate gutxiago du... Hori bai, langile kualifikatuak behar dira. Gaur egun, ordea, ez dago gure eskaerak betetzen dituen nahikoa langile kualifikatu, eta horren aurrean, prestakuntzatik haratago egiteko apustua gauzatu behar da; pertsonak dituen bestelako gaitasunak, haren jarrera eta gogoa hartu behar dira kontuan. Formakuntzak ezin du muga izan, formazio zehatzik izan ez arren,  badira lanean hasteko modukoak diren beste ezaugarri zehatz batzuk. Eragile eta instituzio guztiok mezu bera helarazi behar dugu", azaldu dute.

Eskualdeko beste lantegiei begira jarriz gero, diagnostikoa lantzea eta plan bat egitea berdintasunari eta aukera berdintasunari buruzko politika bat gauzatzeko modu on bat dela uste dute Sidenor enpresako arduradunek: "Enpresaren argazkia egin eta plan bat hasi, horrek ekartzen baititu helburuak, epeak eta arduradunak zehaztea. Eta nola ez, gogoarekin, sinetsita eta beldurrik gabe egin behar da bidea".

Esperientzia onaz gain, inongo arazorik eta oztoporik gabeko prozesua izango den zalantzarik ez dute. "Gizonen eta emakumeen aukera berdintasunek aberastu egiten dute enpresa. Gainera, gizarte erantzukizuna eta eskualde mailako beharra da, pertsonekin eta balioekin zerikusia duena. Emakumeen langabezia tasa gizonena baino handiagoa da, eta horren aurrean badugu zer egina. Guk, egin dezakegun neurrian, pausoak ematen jarraituko dugu, oraindik gutxi egin dugula jakinaren gainean. Aukerak ematea da; ez da emakumea edo gizona, pertsona da, eta aukera horiek emanda, emaitzak iritsi egiten dira", erantsi dute.

Industria enpresa txikietan ere nabari dute emakumeen beharra. Xabi Mobiliario Azpeitiko enpresaren arduraduna da Xabier Korta. Egur enpresa izanagatik, altzairuzko piezak ere egiten dituzte, eta enpresako makinan lan egiteko emakume bila ari dira aspalditik, baina ez dute inor aurkitu.

Egur enpresa den arren, altzairu piezak egiten ditu Xabi Mobiliariok, eta altzari denda ere badu. Enpresako lanpostu jakin batzuk betetzeko bertan lan egiteko prest dauden emakumeen bila ari dira, baina ez dituzte aurkitu. "Mekanizatu ikasketak eginda dituzten emakumeak badaude, baina oso gutxi dira, eta guztiak lanean daude dagoeneko. Beraz, nahiz eta emakumeak kontratatu nahi izan, ez dago erraza aurkitzen. Hori, gainera, ez da gure enpresaren arazoa soilik; inguruko gainontzeko enpresa guztiak ere modu berean dabiltza", azaldu du.

Horregatik, Kortari garrantzitsua iruditzen zaio emakumeak mekanizatuaren ikasketak egitea, horiek amaitzean enpresetako ateak zabalik izango dituztelako: "Zenbait makinekin lan egiteko edota piezak lixatzeko hobeak dira emakumeak, motrizitate finagoa dutelako. Beraz, animatu daitezela!", jakinarazi du hark.