2022ko aurrekontuetarako herritarren ekarpenak jasotzeko epea zabaldu du udalak

Anartz Izagirre 2021ko aza. 10a, 17:14
Leire Goenaga udaleko Ogasun batzordeburua eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea. (Anartz Izagirre)

Datorren urteko aurrekontuak prestatzeari ekin dio udalak, eta azaroaren 26ra bitartean ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak nabarmendu duenez, aurrekontu berrien helburu nagusiak "gizarte babesa eta ekonomia" dira, eta iazkoekin alderatuta, diru sarrerak %7 igotzea aurreikusten dute. Abenduko ohiko osoko bilkuran onartuko dituzte aurrekontuak.

Urte amaiera gerturatzearekin batera, Azpeitiko Udal Gobernuak 2022ko aurrekontuak prestatzeari ekin dio, eta dagoeneko zabaldu du herritarren ekarpenak jasotzeko prozesua. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea "baikor" agertu da datorren urtera begira: "Aurreko urtearekin alderatuta, eta iaz diru sarrerak jaitsi ostean, 2022an diru sarrera handiagoa izatea aurreikusten dugu". Ildo horretatik, Alkortak nabarmendu du oraindik ere pandemiaren ondorioei aurre egin beharko diela udalak, baina "etorkizuneko aurrekontuekin pentsatzea" ahalbidetzen diela egungo egoerak: "Egia da egoera ekonomikoa ezegonkorra dela, baina ekonomia suspertzen ari da. Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru sarreren aurreikuspena ere handitu egin da, eta iaz baino %7 gehiago jasotzea aurreikusten dugu".

Datorren urteko aurrekontuen helburu nagusia "inor bazterrean ez uztea" dela nabarmendu du alkateak, baita "gizarte babesa eta berdintasun soziala" lortzeko neurriak hartzea ere. Era berean, "errealitate demografikoaren erronkaz" mintzatu da: "Kontziente gara gizartea zahartzen ari dela, eta erronka horri erantzuteko aurrekontuak izango dira datozenak; politika publiko eraginkorrak martxan jarriko ditugu". Horrez gain, ekonomia eta kalitatezko enplegua sustatzea izango da erakundearen beste xedeetako bat, eta ekonomia sustapeneko laguntzak nabarmendu ditu alkateak hitzartzean: "Langabezia tasari aurre egiteko baliabideak eta bitartekoak jartzen hasiko gara, formakuntza eta bestelakoen bitartez, batez ere gazteei eta emakumeei bideratuta". Herriko egungo langabezia tasaren berri ere eman du alkateak; egun, %7,6 da Azpeitiko langabezia tasa.

Ekarpenak egiteko txanda

Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko Ogasun batzordeburuak Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa izan du hizpide aurrekontuez hitz egiterakoan. "Proiektuak eta egitasmoak zehazteko, gaur egungo errealitatea hartuko dugu oinarri, eta nola ez, udalak joan den maiatzean onartu zuen Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa". Dokumentu horretan bederatzi ildo nabarmendu zituen erakundeak, eta, guztira, 36 erronka definitu zituen. "Arloz arlo saiatuko gara Plan Estrategikoa gauzatzeko bidean aurrekontuak islatzen, eta gure eginbeharra azpeitiarren bizi kalitatea hobetzea izango da", gehitu du Goenagak.

Udalak dagoeneko egin du aurrekontuak osatzeko lehen ogasun batzordea, eta aurreneko zirriborroa ere prest dutela nabarmendu du batzordeburuak: "Datozen asteetan joango gara udaleko teknikariekin, oposizioarekin, herriko eragileekin nahiz norbanakoekin biltzen, beren ekarpenak jasotzeko". Proposamen horiek biltzeko hainbat bide ezarri ditu udalak; alde batetik, arloz arloko batzordeak egingo dituzte, eta bestetik, herritarren iradokizunak bidaltzeko bi aukera jarriko dituzte: "Datozen egunetan herriko etxe guztietan esku orriak banatuko ditugu, eta bertan, herritarrek aukera izango dute ekarpenak idazteko, eta igerilekuan nahiz udaletxean ezarriko diren buzoietan botatzeko". Bestalde, proposamenak telematikoki egiteko aukera ere ezarriko dute, Azpeitiko Udalaren webgunearen bitartez. Azaroaren 26ra bitartean izango dute herritarrek beren ekarpenak egiteko aukera, eta udalak abenduko ohiko osoko bilkura baino lehen aztertuko ditu horiek.