Erreportajea

Landetako bidegurutzeak

Julene Frantzesena eta Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 26a, 10:12
Landeta, airetik ikusita. (Alex Berasategi)

Herriko industria eremurik zaharrena, nahaspilaren adibide garbia da Landeta. Auzoa ordenatzeko eta txukuntzeko beharraz jakitun da udala, baita herritarrak ere. Etorkizuneko esku hartzeak zeintzuk izan behar diren jakiteko, azterlana egin du herri erakundeak. Auzoarekin lotura duten herritarrek eskaera zehatzak egin dizkiote udalari, "egunerokoan badelako zer hobetua". 2021eko azaroko Uztarria aldizkariko erreportajea da hau.

Landeta da Azpeitiko industria eremurik zaharrena, eta horren erakusle da gaur egun han aurki daitekeen anabasa: etxebizitzak, hutsik dauden industria pabilioiak, jatetxeak, saltokiak… elkarren segidan eta ondoan, antolaketa jakinik gabe. Garai batean, Landetan zeuden herriko industria jarduera edo enpresa nagusiak; altzarigintzan aritzen ziren horietako asko. Gaur egun, baina, ehunka metro koadro daude abandonatuta, eta eremua degradatuta dago. Horrek ez du esan nahi, ordea, mugimendurik ez dagoenik, auzoa hilda dagoenik. Izan ere, dozenaka dira auzo horretan bizi diren herritarrak, baita martxan diren industria jarduerak eta bestelakoak ere.

Auzoaren egoeraz jabetuta, Azpeitiko Udalak azterlan bat abiatu zuen iazko urtearen hondarrean. Hain zuzen ere, herrian "egoera okerrenean" dagoen eremua dela iritzita eta ingurua "ordenatu" beharra zegoela eta, hamasei hektareako azalera duen Landetako eremu jakin bat nola egokitu daitekeen ikusteko azterlana egin dute industria lurretan adituak diren hainbat teknikarik. Zehazki, Atxubiagako biribilgunetik Amuko zubiaren ondoko biribilgunera arteko eremua da aztertu dutena, etorkizunean auzoa ordenatzeko proposamen bat garatu ahal izateko. Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Hirigintza batzordeburuarekin hitz egin du Uztarriak Landetaren egoeraz nahiz aurrera begira auzo horri dagokionez udalak duen ikuspuntuaz.

Landetaren etorkizuna da jomuga, eta auzoarekin zer egin erabakitzerako, ikuspuntu orokor bat eduki nahi izan du udalak. Hala azaldu du Labakak: "Lehen lana eginda dago, eta anbizio handikoa da. Dena den, gauza erreal bat egin behar da. Auzoko eremu jakin bat aztertu dugu". Haren arabera, Landeta herri bateko alde zaharraren pareko gunea da. "Gaur egun inork ez zukeen bere garaian alde zaharretan eraiki zen moduan eraikiko; gaur egun ez da etxe batetik bestera hiru metroko tartea utzita eraikitzen. Landetarekin ere antzeko zerbait pasatu da; izan ere, Landetako industria eremuak bere garaiko industria beharrei erantzungo zien".

Udalak, izatez, badu eremuak hirigintza aldetik antolatzeko eskumen zuzena, baina Landetako kasua "berezia" dela aitortu du. "Landetan konbinazio kaotikoa dago, dena nahaspilan dago. Ordenatu egin beharko da denborarekin; kaleak zabaldu eta egokitu, hirigintza aldetik antolatu, oinezkoentzat bideak egin, aparkalekuak ordenatu...". Gaur egungo Azpeitiko Hirigintza Plan Orokorraren arabera, Landetako ia eraikin guztiak "kontsolidatuta" daude, ordea. "Horrenbestez, gaur egungo planak ez du ematen antolatzeko eta beharrei erantzuteko aukerarik".

Berriki egin duten azterlana etorkizunerako ikuspegia izateko eta hirigintzak eskaintzen dituen tresnen arabera erabakiak hartzeko gauzatu dutela azaldu du. "Helburua da udalak dituen hirigintza eskumenen bidez, etorkizunera begirako esku hartzeak norabide zehatz batean egitea; hau da, norbaitek pabilioia bota eta berritu behar badu, baldintza jakin batzuk bete beharko ditu, eta haren ondoko enpresakoak ere bai". Bide hori jorratuz gero, auzoari "zentzua" emango diotela uste du Labakak. "Zerbait galduta ere, denek asko dute irabazteko, auzoa erakargarri eta erabilgarri egiteko". Hala eta guztiz, hark dioenez, ezinezkoa da Landeta egun batetik bestera eraberritzea, jabetzak herritar ugariren artean banatuta daudelako eta gaur egungo Hirigintza Planak ematen dituen eskubideak ematen dituelako. "Zentzu horretan, jabe bakoitza momentuko erabilerari momentuko aterabidea ematen ari da, instalazio askok eta askok ja ez baitute balio industriarako".

(Alex Berasategi)

Industrialde berri bat

2019. eta 2020. urteen artean, herriko industria lurren inguruko azterketa egin zuen udalak, Urola Industrialdearekin batera, herriko enpresen beharrak zeintzuk ziren ezagutzeko. Jasotako datuei erreparatuz gero, Azpeitian industria jarduera gauzatzen duten 221 enpresa zeuden iaz. Horiek milaka metro koadro hartzen dituzte herriko industria eremuetan, hala nola Basarten, Anardin, Antzibarrenan nahiz Landetan. Horietako asko eta asko egur lanean aritzen dira, baina industria piezen mekanizatuak eta makina-erremintak ere indar handia daukate.

Azterketa haren barruan elkarrizketatutako 186 enpresetatik 39k pabilioiz aldatzeko eta orduan zituzten instalakuntzak handitzeko beharra aurreikusten zuten epe labur-ertainean. Baina herrian geratzekotan, industria lurrei dagokienez, zer aukera dituzte enpresa horiek? Argi du Labakak: "Argi dago gure ekonomiaren motorra industria dela, eta herritarrek Azpeitian lan egitea eta horiek hemen bizitzea nahi badugu, instalazio eta azpiegitura egokiak behar dira; enpresek erakutsi duten eskaerari erantzun behar diogu".

Industria lurren betetze maila %90ekoa da Azpeitian; hau da, herrian industriarako egokitutako azpiegituren edo pabilioien nahiz lokalen %90 beteta daude. Dena den, datu hori asko aldatzen da lupa Landetan jarriz gero: Landetako industrialdean azpiegituren %65 baino ez dira martxan gaur egun. Hainbat dira Landetako ehunekoa herri guztikoaren nabarmen azpitik egotearen arrazoiak, baina bi, behintzat, agerikoak dira Labakaren ustez: "Batetik, Landetako pabilioiak jabetza pribatukoak dira; eta bestetik, auzoak irisgarritasun arazoak ditu". Haren arabera, gaur egungo Landetak ez die erantzuten industria beharrei: "Hirigintza ikuspegitik beste antolaketa bat behar du auzoak".

Auzoak dituen gabezia horiez jakitun, eta aspaldiko asmo bati berriz eutsiz, Larringo eremuan industrialde berri bat eraikiko dute. Joan zen azaroan, hori ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Sprilur sozietate publikoak. Hain zuzen ere, Larrin baserriaren inguruko lurretan eraikiko dute industrialde berria, Oñatz auzoaren barrenean; Landetan ez, baina handik gertu. 210.210 metro koadroko azalera izango du eremuak, eta dena ondo bidean, urte gutxiren buruan eraikita behar luke industrialdeak.

Larringo lurrak publikoak dira, eta Labakak dioenez, lur publikoak egokitzea ere garrantzitsua da. "Landeta bezalako industria eremu bat zaharkituta baldin badago, aukera desberdinak daude: hau da, zaharkitua berritu eta esku hartze publikoa egin. Bi jarduera horien artean talka egon daitekeela dirudi, baina elkar elika daitezkeela uste dut". Hark dioenez, blokeo egoera dago Landetan. "Gertatzen dena da Landetan eragiteko zailtasunak handiak direla, dena esku pribatuetan dagoelako. Bestalde, badago eskaera eta eskaintza orekatzeko beharra, baina Landetan ez dago eskaintzarik, eta beraz, esku pribatuetan diren zaharkitutako instalazio horiek espekulatzeko bidea ematen dute". Udalak, gainera, egin du Landetako egoerari tenperatura hartzeko saiakera. "Pabilioi batzuk erosteko, botatzeko eta berritzeko saiakera egin dugu; hau da, industria lurrak egokitzeko ariketa egin dugu, baina ezin izan dugu pausorik eman, ez dugulako akordioetara iristeko aukerarik izan, eskatzen dituzten prezioak ez direlako bideragarriak".

(Alex Berasategi)

Landetaren eraberritzea gauza korapilatsua denik ezin daiteke uka, eta ziurrenik, urteak beharko dira haren antolamenduan eragiten hasteko. Bien bitartean udalak egin ditu auzoa txukuntzeko hirigintza lan batzuk, baina horiek "ematen duten puntura arte ematen" dutela aitortu du zinegotziak. "Egin dira lanak bidegorriaren lotura urbanizatzeko eta haren inguruan dauden jarduera ekonomikoen atariak irisgarritasun aldetik hobetzeko. Obra puntualak izan dira, ordea". Hala eta guztiz, Landetatik iristen zaizkien eskaerei erantzuten jarraituko dutela azaldu du, nahiz eta auzoan "elkarbizitza arazo batzuk" sortu direla aitortu duen. "Kontua da interes eta erabilera talkak arazoak sortu dituela".

Landetako egoerari aterabide azkarra eta erraza ematerik ez dagoela argi du Hirigintzako batzordeburuak, baina denbora eskaintzen eta gaia lantzen jarraituko dutela esan du. "Esku hartzeak egin ditugu, baina auzoak sakoneko eta luzera begirako ikuspegia eskatzen du. Bitartean ahalegina egingo dugu, eta Landetan dauden herritarren ahotsak entzun eta haien beharrei erantzuten saiatuko gara". Hirigintza ikuspegitik azken urteetan egindakoak ahaztu gabe, badaki arazoak hor jarraitzen duela.

Zer diote bizilagunek?

"Utzita". Hitz hori, sentipen hori, behin eta berriz errepikatu dute erreportaje honetarako beren iritzia eta azalpenak eman dituzten herritarrek. Landetan bizi edota lan egiten duten herritarrak dira, bakoitzak bere kezkak eta arazoak ditu, baina bat datoz auzoa herriko lehentasunen zerrendan atzeko zuloan gelditzen dela adierazterakoan. Badakite gainbehera etorri den industrialde baten erdian edo tartean bizi direla. Gustatuko litzaieke sakoneko aldaketak ikustea, auzoa biziberritzeko plangintza bat martxan ikustea, baina badakite ez dela erraza izango. Hala ere, auzotarren eskaerek, sumatzen dituzten gabeziek, zerikusi gehiago dute egunerokotasunarekin.

Arantxa Larrañaga, Bordatxo atarian. (Mailo Oiarzabal)

"'Zu nongoa zara?' galdetzen didatenei 'Landetakoa' erantzun, eta 'hori ez al da Azpeitia?' galdetzen dutenean, 'boladatan bai, boladatan ez' erantzuten diet". Arantxa Larrañagaren hitzak dira (Azpeitia, 1971), eta auzokoen artean zabalduta dagoen sentipenaren adierazgarri dira hitzok. Bizi osoa darama Larrañagak Landetan; duela 55 urte ireki zuten haren gurasoek Bordatxo taberna, eta tabernan egiten du lan. Landeta Azpeitia da, ez dago erdigunetik hain aparte, baina distantzia fisikoa txikia izanagatik, zerbitzuen eta zaintzaren eremuan biderkatu egiten da distantzia hori. "Ni kale-kalean bizi naiz, baina hemen pasatzen dut eguna, eta sinestezina iruditzen zait oinez bi minutura dauden guneen artean zer-nolako itxura aldaketa ematen den. Herrian gaude, baina hau utzita dago", dio Goretti Iriartek (Azpeitia, 1982). Aita Jose Ignaciok (Urrestilla, 1952) eta ahizpa Leirek (Azpeitia, 1977) gidatzen duten Biek aroztegian egiten du lan Gorettik; 2003tik Arretxe kalean dute lantegia iriartetarrek. Lantegi horren ondoan, Arretxe kalean bertan, bizi da Alaitz Olaizola (Azpeitia, 1975). Landetan egin zituen umetako lehen urteak Olaizolak, familia erdigunera bizitzera joan zen arte; baina 20 urterekin itzuli zen Landetara, haurtzaroko bere etxera, eta han bizi da duela 26 urtetik. Olaizolaren iritziz, "industria eremu gisara ulertu den momentutik, ez zaio behar bezalako garrantzirik eman" Landetan bizi den jendearen bizi kalitateari, bertakoen beharrak ez dira kontuan hartu izan, "ez lehen eta ez orain". Iritzi berekoa da Kontxi Horrillo ere (Azpeitia, 1972). Akamendieneko etxeetan hazitakoa, urte batzuk auzotik kanpora bizi ondoren han bizi da orain ere. Landetako bizilagunek zerbait behar dutenean, auzoan zerbait konpondu beharrean ikusten dutenean, "beti atzetik" ibili behar izaten dutela nabarmendu du Horrillok, udalean eskean. "Hots egiten duzunean, etortzen dira. Baina ingurua txukun antzera egongo dela bermatzeko, beti gu ibili behar al gara deika?", galdetu du. "Ahanztuak", horrela sentitzen dira maiz landetarrak, Larrañagak dioenez. "Biribilgunetik alde honetara, bestelakoak dira gauzak", dio Horrillok.

Landeta "utzita" dagoela esateko faktore bat baino gehiago aipatu dituzte herritarrek: industria eremu zaharkituaren hirigintza aldrebesa, urteekin eta bateko zein besteko krisiek jota hutsik geratu diren pabilioi eta lokal askoren egoera tamalgarria, industrialde horrek lehendik zeuden etxebizitzak jan izanak hango bizilagunei ekarritako ajeak... Hala ere, zikinkeria, zaborrak eta beste auzoekin alderatuta Landetan murritzago diren zerbitzuak dira guztien ahotan daudenak; kale garbitzaileak "astean behin bakarrik" pasatzen direla nabarmendu dute, esaterako, Biek aroztegikoek eta Horrillok. Horrillo eta Larrañaga jakitun dira auzoa sakonean eraberritzeko dauden zailtasunez, baina bertakoen bizi kalitatea hobetzeko gauzak egin daitezkeela uste dute. "Auzoak auzo izan behar badu, denetarik falta" dutela diote. Dendarik ez dago, kutxazainik ez dago... eta garai batean adina ez, baina orain ere ez dira gutxi industrialdera lan kontuengatik kanpotik etortzen direnak; bertan bizi direnentzat ez ezik, haientzat ere ez dago Landetan "oinarrizko zerbitzurik".

Kontxi Horrillo, Akamendieneko etxeak atzean dituela. (Mailo Oiarzabal)

"Abandonatuta, triste" ikusten dute Landeta Iriarte aita-alabek: "Inork ez du kasu egiten. Autoak bazter guztietan, zaborra, astean behin bakarrik etortzen dira garbitzera, argiztapena eskas-eskasa da, jendea bizi da hemen baina errespeturik ez dago...". Horrelakoa da Arretxe kalean bizi duten errealitea, eta hitz egin duten herritarrak bat datoz esaterakoan inguru hori dela egoera okerrenean dagoena. Olaizolaren irudipena da "lehen ez bazitzaion begiratzen, orain gutxiago begiratzen" zaiola Landetari. "Lehen, gutxienez, jendearen sartu-irtena eta joan-etorriak zeuden. Orain, ez. Orain, ari gara hitz egiten hormatutako tailerrez, kristalak hautsita dituzten pabilioez... itxura pixka bat beldurgarria ematen duen auzoaz. Eta bai, utzitako auzo bat da". Jabeek pabilioiak egoera horretan zergatik dituzten, zergatik ez diren botatzen edo botatzea posible al den... Kontu horiek "nola funtzionatzen duten ideiarik ez" duela dio Olaizolak. Bakarrik daki, "utzi eta utzi", bere horretan edo okertzen doala gune batzuetako egoera, Arretxe kalekoa bezala. "Horrek zikinkeria ekarri du bazter guztietara, eta arratoiena errealitate bat da". Urteak hutsik daramatzaten lokalekin lotuta, Iriarte ahizpek ez dute ulertzen zergatik eraiki berri dituzten Landeta hiribidean bertan industriarako pabilioi berriak, inguruan "lokal huts pila bat" egonda. Hutsik eta utzita gelditu diren lokal horien jabetza "pribatua" dela gogora ekarri du aitak. Hala ere, Leireren ustez, udalak egin beharko luke zerbait, esku hartu beharko luke, pabilioi huts horiei irtenbideren bat emateko. "Bota behar badira bota, eta eraiki berriak hor", dio Gorettik.

Izan ere, Arretxe kalean, aspalditik hutsik dauden pabilioi zaharrak arazo iturri izan dira eta dira. Beren enpresaren aurrez aurre dauden garai bateko Sprint lantokiaren lokalen adibidea aipatu dute iriartetarrek. Droga kontsumoarekin eta zabor pilaketarekin lotuta, gatazka iturri izan dira pabilioi horiek. Kexa ugariren ondoren –"banaka ari ginen kexak sartzen, inork ez zuen kasurik egiten"–, bizilagunek eta inguruko enpresek bat eginda sinadura bilketa egin zuten. "Lortu genuen udalak lokalen nagusiari zaborra hustuaraztea eta eraikina hormatzea. Baina, lehen hor bezala, orain beste bazter batzuetan ari dira zaborrak botatzen", dio Gorettik. Txipdun edukiontziak jarri eta hondakinak horietan botatzeko txartela behar denetik zaborraren arazoa "nabarmen areagotu" dela gaineratu dute Biekekoek. Abandonatutako industria eraikinena "desastre bat" dela dio Olaizolak, usteltzen utzi den arazo bat. "Herriko eta herritik kanpoko zenbat eta zenbat pertsona ez ote diren joan Landetara lanera... Eta, hala eta guztiz ere, uste dut ez dela behar bezala mimatu izan auzoa. Hiribideak-eta egiten ditugu, herriko erdigunea zaintzen dugu, eta horiek ere egin behar dira, noski, batari bestea kendu gabe. Baina hainbeste jende mugitu izan den lekua izanik, nolatan ez da lehenago sartu eskua Landetan?", galdetzen du. Sinadura bilketaren ondoren udala "dezente mugitu" zela diote Biekekoek, baina egindako esku hartzea puntuala izan zela gaineratu dute, eta "jarraipena" da eskatzen dutena. "Hau ere Azpeitia da", aldarrikatu dute. Landetan lan egiten duten enpresek begirune gehiago merezi dutelakoan dago Goretti, "baina batik bat hemen bizi den jendeari zor diote begirunea", dio.

Alaitz Olaizola, Arretxe kalean. (Mailo Oiarzabal)

Bestelako Arretxe kalea eta Landeta ezagututakoak dira Jose Ignacio Iriarte, Olaizola, Horrilo eta Larrañaga. Iriartek "ia bizi osoa" darama auzoan lanean. Duela mende erdiko Landeta ezagutu zuen, beraz, eta ordutik hona "aldaketa ikaragarria" bizi izan duela dio. "Kale hau berau [Arretxe] dena tailerra zen, ezker-eskubi. Denak martxan ezagutu nituen. Eta orain, zenbat daude martxan? Hiru? Lau? Ni Landetan lanean hasi nintzen garaitik, inguru honetan, 30etik gora tailer faltako dira, tailer koskorrak. Egia da batzuk industrialde berrira joan zirela, eta horietako bakarren bat edo beste enpresa handi egin dira han. Baina gehiago dira itxi direnak, mordoa". Landetako hiru bizilagunek, berriz, beren haurtzaroko Landeta ekarri dute gogora. "Landeta berdea zen", dio Horrillok. Eta "Benidorm" zuten Landetan: Aroztegi baserritik gora, Larre inguruko zelai batean elkartzen ziren auzoko andreak eta umeak udan, eguzkia hartzeko eta arratsalde pasa. Soroak eta baserriak aipatu dituzte, eta "auzo giroa". Landeta beren ume eta gazte garaian "bizigarriagoa" zela iritzi dio Horrillok. Larrañagak, berriz, ordukoa eta gaur egungoa "garai desberdinak" direla azpimarratu du. Olaizolak ere ez du "idealizatu nahi" bere haurtzaroko Landeta, baina gogoan ditu beren etxetik aurrera joanda, "orain tailerrez josita dagoen leku horretan", zeuden baratzeak, eta haietan zein tailer arteetan egiten zituzten jolasak.

Badakite Landeta hura ez dela itzuliko, baina argi dute dagoen Landetan zer egin eta zer hobetu asko dagoela, eguneroko zaintzetatik hasi eta hortik aurrerakoetan.

Jose Ignacio, Goretti eta Leire Iriarte, beren lantegiaren atarian. (Mailo Oiarzabal)