Sinatu dute Larringo eremuan industrialdea garatzeko hitzarmena

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 5a, 16:04
Tapia eta Alkorta hitzarmena sinatzen, Ouro eta Labaka ezker-eskubi dituztela.

Udalak eta Sprilur Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak elkarlanean gauzatuko dute proiektua. 107.409 metro koadroko lur zatia bideratuko dute industria jarduerarako, lau partzelatan zatituta, Larrin baserriaren inguruko lurretan. 20 milioitik gorako inbertsioa eskatuko du proiektuak, eta hori gauzatzeko lau-bost urte beharko dituztela aurreratu dute.

Larringo eremuan industrialde berria eraikitzeko aspaldiko asmoa berreskuratu, eguneratu, eta, azkenean, martxan jarriko dute Azpeitiko Udalak eta Sprilur sozietate publikoak. Gaur bertan sinatu dute Larrinen industrialdea garatzeko hitzarmena Nagore Alkorta alkateak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, sail horren mendekoa den Sprilurren izenean. Txaber Ouro Sprilurreko zuzendaria eta Josu Labaka Hirigintza zinegotzia ere izan dira sinatze ekitaldian.

Larrin baserriaren inguruko lurretan eraikiko dute industrialde berria, Oñatz auzoaren barrenean eta Landeta auzotik gertu. 210.210 metro koadroko azalera izango du Larringo industria poligonoaren jarduketa eremuak. Hasierako bideragarritasunaren azterlanak 15.072 eta 49.800 metro koadro bitarteko lau partzela handi urbanizatzeko proiektua aurreikusten du; 107.409 metro koadroko industriarako lurzatia, guztira.

Hitzarmena sinatuta, lauzpabost urte iraun dezakeen bidea martxan jarri dute. Hori da, Ouroren esanetan, "tramiteak aurrera eramateko" beharko duten denbora; "ikusi egin beharko da bidean zer zailtasun sor daitezkeen", gaineratu du, hala ere, Sprilurreko buruak. Udalak azaldu duenez, Sprilurrek "hirigintzako planeamenduri eta kudeaketari buruzko dokumentazio guztia prestatu eta tramitatuko du, udalak onets dezan". Horrekin, "jarduketa programa eta behin betiko urbanizazio proiektua tramitatzeko eta onesteko bidea" irekita izango du udalak, urbanizazio obrak hasteko.

Proiektu "estrategikoa"

Alkortak eta Tapiak Larrinen industrialdea eraikitzearen garrantzia azpimarratu dute, industria jarduera bultzatzeko eta enpresak hazteko edota erakartzeko horrelako azpiegiturek betetzen duten funtzioa nabarmenduta.

"Enplegua, lana eta ekonomia dira azpeitiarren kezka nagusiak, baita udal gobernuarenak ere. Ondorioz, ekonomiaren sustapena da udalak duen lehentasun nagusia", adierazi du alkateak. "Azpiegiturak egokitzea" eta "jarduera industriala berreskuratzea" beharrezkoak dira, alkatearentzat, enplegua sortzeko, eta Larringo proiektua behar horiei erantzuteko garatu nahi du udalak. "Azpeitiarrek, eta bereziki gazteen belaunaldi berriek, Azpeitian bizitzeko eta lana izateko aukera izan dezaten ezinbesteko tresna dela iruditzen zaigu gaur aurkeztera gatozen proiektua. Industria lurrak egokitzea eta eskuratzea estrategikoa da Azpeitiarentzat eta eskualdearentzat; alde batetik, Azpeitian bertan kokatuta dauden enpresen garapenerako bidea emango duelako; eta bestetik, jarduera ekonomiko berriak erakartzeko, industria sarea ehuntzeko eta lanpostu berriak sortzeko".

Urteekin, "industriaren beharrak aldatzen" joan direla azaldu du Alkortak, eta eraikiko diren azpiegitura berriak behar berri horietara egokitzearen garrantzia aipatu du. Hainbat industria eremu "zaharkitu" dagoela eta, hitzarmen berriarekin, "enpresa berriak-eta hemen garatzeko" ez ezik, industria eremu zaharkitu horiek "berregokitzeko giltza" izan dezaketela adierazi du alkateak. Erakundeen arteko elkarlana azpimarratu du, era berean. "Egoera konplikatu honetan ezinbestekoa eta oso garrantzitsua" da elkarlan hori Alkortarentzat, inbertsio publikoak ahalbidetzeko.

Alkortak udalaz esandakoen antzera, "ekonomia berpiztea eta langabezia tasa jaistea" Jaurlaritzaren helburuen artean "lehendabizikoak" direla nabarmendu du Tapiak, "eta gure industriaren alde egitea bigarrena, gure industria izatea gure ekonomia aurrera eramango duena, bere bizkarrezura". Industriaz ari denean, Jaurlaritza "industria aurreratu eta moderno batez" ari dela zehaztu du Tapiak, "XXI. mendeko industria bat". Horrelako industria eredu batek aurrera egin ahal izateko "hainbat laguntza" behar dituela gaineratu du, dirulaguntzak edota berrikuntzaren eta ikerketaren aldeko apustuak tartean, eta laguntza horien artean kokatu ditu “ezinbestekoak” diren azpiegiturak. Enpresek bere jarduera garatzeko behar dituzten poligonoak "martxan jarri" behar direla azpimarratu du, "leku fisikoak behar ditugu industria horren alde egin ahal izateko".

Udalarekin eta Sprilurrekin Larrin martxan jartzeko egindako prozesuan "eskualdean behar berezi batzuk" daudela konturatu direla adierazi du sailburuak. "Enpresa handiagoak, eskualdean hazkundea behar duten enpresak, baina kanpotik etor daitezkeen enpresak eta beste mota bateko lurrak eta azpiegiturak behar dituztenak ere" badirela azaldu du, eta horiei erantzuna ematea nahi dutela Larringoa bezalako proiektuekin. Gogora ekarri du Tapiak "urtebete baino gutxiago" joan dela gaur sinatu duten hitzarmena jorratzen hasteko elkartu zirenetik. Poligonoa "ahalik eta azkarren martxan" jartzea nahi dutela berretsi dute alkateak eta sailburuak, eta horretarako konpromisoa agertu dute.

Larringo eremua. (Azpeitiko Udala)