Elmubas enpresara bisita egin dute udal ordezkariek

Anartz Izagirre 2021ko aza. 6a, 08:45
Azpeitiko Udaleko eta Elmubaseko ordezkariak, pabilioiaren atarian. (Azpeitiko Udala)

Enpresaren eguneroko jarduna ezagutzeko eta pabiloi berria bisitatzeko aukera izan dute Nagore Alkorta alkateak eta Aitor Bereziartua Ingurumen eta Hirigintza zinegotziak. Txakurrentzako eta katuentzako janaria ekoizten eta komertzializatzen du Elmubasek, eta urtea bukatzerako jarriko dute martxan lantegia handitzeko lanen lehen fasea.

Azpeitiko Udaleko ordezkariak industriaren egoera bertatik bertara ezagutzeko bisitak egiten ari dira, etorkizuneko proiektuak ezagutzeko eta ekonomia sustatzeko udal laguntzen berri emateko helburuarekin. Duela egun batzuk Marpe enpresan izan ziren udal ordezkariak, eta orain, Elmubas Iberica enpresa bisitatu dute Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Aitor Bereziartua Ingurumen eta Hirigintza zinegotziak. Bertan, enpresako ordezkariekin bildu dira, eta haien eguneroko jarduna ezagutzeaz gain, pabiloi berria ezagutzeko parada ere izan dute.

Ekonomiaren sustapenak udalarentzat duen garrantzia azpimarratu du Alkortak bisitan: "Azpeitiarrek beren bizi proiektua herrian bertan garatzeko aukerak bermatzea da udal honen helburu nagusienetariko bat. Horretarako, ezinbestekoa da herritarrek lan aukerak herrian bertan izatea, eta horregatik, guretzat pozgarria da zuena bezalako enpresa sendoak gure herrian handitzeko apustua egitea". Ildo horretatik, Azpeitiko egungo langabezia tasaren berri ere eman du alkateak, eta zehaztu du %7,4 dela tasa hori gaur-gaurkoz, "azken urteotako txikiena".

Elmubas, handitzeko bidean

Txakurrentzako eta katuentzako janaria ekoizten eta komertzializatzen du Elmubas enpresak, eta Antzibarrena industrialdean dago kokatuta. Egun, 200 langile baino gehiago ditu, eta instalazio berriaren eraikuntzaren bitartez ekoizpen ahalmena handitzea da beren helburua. Enpresako ordezkariek adierazi dutenez, handitze osoa abian denean 325 langile izango dituztela aurreikusten dute, eta nabarmendu dute urte honetan 25 langile kontratatu eta formatu dituztela dagoeneko. Urte amaierarako, berriz, enpresaren handitzearen lehen faseko ekoizpena hasita egotea aurreikusten dute, baita kontratazio gehiago egitea ere. Horrez gain, adierazi dute egungo langileen %50 inguru emakumeak direla.

Beraz, urtea bukatzerako instalazio berriaren %65 martxan izatea aurreikusten dute, eta 2024. urterako bigarren fasea abian izatea nahi dute. Handitze osoa egindakoan, Elmubasen hasierako ekoizpena eta tamaina bikoiztu egingo direla zehaztu dute. Betiko fabrikaren ondoan eraikitako pabiloi berriak lanerako beste 18.000 metro koadroko azalera du; hortaz, Elmubas enpresaren produkzio-instalazioek, guztira, 55.000 metro koadro baino gehiagoko azalera izango dute. Horretarako, 48 milioiko inbertsioa egingo dute orotara, eta azpimarratu dute hasieran baino 125 langile gehiago izango dituztela.

Udalak nabarmendu duenez, Elmubas enpresari sustapen ekonomikoaren bitartez eman izan dio laguntza azken urteetan, eta iaz instalazio berrian emakumeentzat zein gizonentzat aldagelak egiteko eman zitzaien dirua, baita herritarren kontratazioak sustatzeko ere.