Marpe enpresara bisita egin dute udal ordezkariek

Julene Frantzesena 2021ko aza. 3a, 11:12
Marpe enpresako ordezakaria eta udaleko nahiz Iraurgi Berritzeko kideak. (Azpeitiko Udala)

Herriko enpresek bizi duten egoera zer-nolakoa den eta horien beharrak zeintzuk diren jakiteko hainbat bisita egin izan dituzte udal ordezkariek, eta bisita horien barruan izan dira Marpen.

Azpeitiko Udaleko nahiz Iraurgi Berritzen garapen agentziako ordezkariek Marpe enpresa bisitatu dute egunotan. Hain zuzen ere, Marpe enpresako buru Mikel Santillanekin elkartu dira Nagore Alkorta alkatea, Leire Goenaga Ogasun batzordeburua, Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko presidentea eta Jaione Valverde Iraurgi Berritzeneko kidea, enpresaren nondik norakoak ezagutzeko.

Hain zuzen ere, herriko enpresek bizi duten egoera zer-nolakoa den eta horien beharrak zeintzuk diren jakiteko hainbat bisita egin izan dituzte udal ordezkariek, eta bisita horien barruan izan dira Marpen ere. Gainera, Sustapen Ekonomikorako dirulaguntzekin enpresetan egindako inbertsioak ezagutzeko ere baliatu dituzte bisita horiek.

Azpeitiko alkateak azaldu duenez, herriko enpresek dituzten beharrak ezagutzea da lehentasuna, eta horretarako "ezinbestekoa" da horietako ordezkariekin harreman zuzena izatea. Alkortari garrantzitsua iruditzen zaio, halaber, udalak emandako laguntzekin egindako hobekuntzak ezagutzea ere: “Urtero ia milio erdi bideratzen dugu herriko ekonomia sustatzera, eta laguntza horrekin gauzatzen diren proiektuak ezagutzeko balio dute halako bisitek”.

1983an zabaldu zuten Marpe enpresa, eta orduz geroztik, sukaldeko altzarien eta molduren ateak egitea izan da lantegiaren jarduera nagusia. Azken urteotan, baina, enpresak aldaketa handia izan duela azaldu du Santillanek, eta besteak beste, Sustapen Ekonomikorako laguntzak horretarako "bultzada" izan direla azaldu du hark. Izan ere, hainbat inbertsio gauzatzeko eta dibertsifikatzeko jaso du laguntza enpresak. Zehazki, 2020an energiaren autokontsumorako plaka fotovoltaikoak jartzeko laguntza jaso zuen Marpek. Horrez gain, azpeitiarrak kontratatzeko laguntza ere eskatu du enpresak; gaur egun, hamasei langilek egiten dute lan Marpen.