Mendebaldeko Saharari buruzko mahai ingurua antolatu du Munoandi elkarteak hilaren 13rako

Julene Frantzesena 2021ko aza. 5a, 11:13
Mendebaldeko Sahara bitan zatitzen duen murruak 2.720 kilometro luze ditu. (Gritos contra el muro)

Xabier Euzkitzek gidatuta, Garazi Hach Embarek, Hetra Boujdemaa, Juan Karlos Izagirre eta Iñigo Iturrate ariko dira solasean. Sanagustin kulturgunean izango da 12:00etan hasiko den mahai ingurua.

Munoandi elkarteak Mendebaldeko Saharari buruzko mahai ingurua antolatu du datorren zapaturako, azaroaren 13rako. Hain zuzen ere, egun horretan beteko da urtebete Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko gerra piztu zela, eta urtemuga horren harira, Askatasun bidean borrokan izeneko solasaldia antolatu du kultur elkarteak.

Lau lagun ariko dira mahaiaren bueltan solasean, Xabier Euzkitzek gidatuta: Garazi Hach Embarek, 12 urterekin Tindufeko kanpamenduetatik Ormaiztegira bizitzera joan zen sahararra; Hetra Boujdemaa Azpeitian bizi den sahararra; Juan Karlos Izagirre Tindufeko kanpamenduetan askotan izan den EH Bilduko politikaria eta medikua; eta Iñigo Iturrate EAJko parlamentaria. Mahai ingurua Sanagustin kulturgunean izango da, 12:00etan hasita.

Honako lotura honetan irakur daiteke Uztarria.eus-ek duela urtebete, gerra piztu zenean, Hetra Boujdemaa Azpeitian bizi den Saharar jatorriko herritarrari egindako elkarrizketa.