Ekain Altuna: "Lanean ilusioz jarraitzeko behar nuen indarra eman dit txapelketa irabazteak"

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 25a, 19:36
Ekain Altuna 2021eko EuskoSkills txapelketan. (Utzitakoa)

Manikurak egitea ikaragarri gustatzen zaio Ekain Altuna azpeitiarrari, eta azazkalen munduak txoratuta dauka. Horregatik ekin zion duela urtebete inguru bere kabuz manikurak egiteari. Monte Albertia eskolako ikaslea da Altuna, eta orain lanean jarraitzeko behar zuen bultzada jaso du. Izan ere, joan zen astean EuskoSkills txapelketa irabazi zuen estetika arloan. "Oso pozik" dago lortutakoarekin, eta lanean jarraitzeko gogoz.

Gaur egun Monte Albertia eskolako estetika ikaslea zara. Nolatan erabaki zenuen estetikako ikasketak egitea?

Betitik izan naiz adar artistikoko gauzak gustatu izan zaizkion mutila: dantza, kantua, makilajea... beti izan ditut gustuko. DBH4. mailan nengoela jakin nuen estetika ikasketak egiteko aukera zegoela, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. "Banoa hori ikastera", esan nuen. Ez nuen zalantzarik izan, eta egunetik egunera argiago dut hau dela egitea atsegin dudana. 

Joan zen astean estetika arloko EuskoSkills txapelketa irabazi zenuen. Emaitzarekin gustura egongo zara, ezta?

Pozez zoratzen nago! EuskoSkillsen parte hartzeko, eskola orduz kanpoko saio berezi batzuk egin behar izaten dira, txapelketan dena emateko eta ahalik eta ondoen prestatuta joateko. Hori dela eta, irakasleari esan nion nire asmoa ez zela txapelketan lehiatzea, nik nahi nuena eskolaz kanpoko master class horietara joatea zela; izan ere, asko ikasten da saio horietan. Azkenean pastelak aurpegian jo zidan, eta txapelketa irabazi nuen! Irabazteak ikaragarrizko indarra eman zidan; izan ere, esperientzia txar batzuk izan ditut praktikaldian, nire profesionaltasuna zalantzan jarri zutenak, eta pixka bat burumakur nengoen. Azken hilabeteak Azpeitiko Xaxarki estetika zentroan egin nituen, eta bertako profesionalek ikaragarri lagundu zidaten. Ezbairik gabe ikaragarrizko babesgunea izan zen niretzat, eta oso eskertuta nago Idoiari nahiz Lurdesi. Esaten zidaten nigan sinesteko, konfiantza edukitzeko eta egin nahi nuen horretan saiatzeko. Lanean ilusioz jarraitzeko behar nuen indarra eman dit txapelketa irabazteak. 

Zer da zehazki txapelketan egin duzuena?

Asteazkenean ekin genion txapelketari, eta hasteko aurpegiko tratamendua egin genuen: aurpegiko garbiketa, diagnostikoa, maskarila eta masaia, besteak beste. Arratsaldean, tratamendu korporala egin behar izan genuen: bezeroaren diagnostikoa, garbiketa, expoliazioa eta gorputzeko masaia. Ostegunean, zoriz tokatzen zen egin beharreko lana: makilajea edo azazkalak. Niri azazkalen eraikuntza egitea egokitu zitzaidan, eta oso gustura gelditu nintzen egindako lanarekin. Azken lana makilaje proba izan zen, eta gaueko look bat egin behar izan genuen. Jo eta fuego ibili nintzen proba guztietan!

Nolako esperientzia izan da?

Esperientzia polita izan da, eta asko ikasi dut.

Orain SpainSkills txapelketarako txartela eskuratu duzu. Gogotsu al zaude?

Martxoan jokatuko dugu SpainSkills proba, nahiz eta hasiera batean abenduan egitekoa zen. Egia esan, oso gogotsu nago. Gainera, Inkorekin –pelukeria arloko txapelduna eta Monte Albertia eskolako kidea–joango naiz txapelketara, baita laguntzen egon diren tutoreekin ere, eta oso oso pozik nago. Gaur egun, lan mundu honetan titulu pila eskatzen dituzte lanerako, eta horrelako hitzorduak eta esperientziak beti dira positiboak formakuntzarako.

Beste maila bateko sariketa izango da ezta?

Bai, asko prestatu beharko dut; izan ere, proba gehiago egin beharko ditugu, eta zorrotzagoak izango dira. Hala ere, ilusio gehiagorekin joango naiz txapelketara, aurreko master class saioetan ni bakarrik egongo naizelako, eta ditudan zalantza guztiak argitzeko aukera izango dudalako. Ikasteko aukera hau edukitzea zoragarria da niretzat.

 

Eskolan bai, baina zure kasa ere aritzen zara lantxoak egiten. Zergatik manikuraren aldeko apustua?

Estetika ikasten hasi nintzenean, ez nekien ezer azazkalen inguruan; ezjakina nintzen. Baina pixkanaka.pixkanaka interesa pizten hasi zitzaidan. Ikusten nuen ikasketak eginda zituzten ikasleek etxez etxeko zerbitzuak eskaintzen zituztela, semipermanenteak egiten zituztela, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Bitxikeria moduan, Interneten nire kasa bideoak ikusten hasi nintzen. Pandemia iritsi zen arren, azazkaletako manikura egiteko kit bat erosi nuen, probatzen hasteko. Hasieran, kolore bateko manikura egiten hasi nintzen; ondoren, manikura frantsesa probatzera animatu nintzen, eta gaur egun denetarik egiten dut! Ikaragarri disfrutatzen dut azazkalak egiten, eta horregatik ekin nion nire kasa zerbitzua eskaintzeari. Egia esan, gaur egun nire lana hori da.  

Zer da estetika arlotik egitea gehien atsegin duzuna?

Azazkalen mundua da gehien gustatzen zaidana, eta horrekin disfrutatzen dut gehien. Bestelako lanak egitea ere ikaragarri gustatzen zait, eta noizbait estetika zentroren batean lan egin edo halako bat irekiko banu, askotariko lanak egitea gustatuko litzaidake. Izan ere, estetika da atsegin dudana, oro har. Lanaren alde teknikoa ez ezik, jendearekin egotea eta horiekin sortzen den hartu-emana asko gustatzen zait. 

Aurrera begira zer asmo edo proiektu dituzu?

Oraingoz, formakuntzan sakontzea da nire asmoa, profesionalik onena izateko nire lanean. Hortik harago, baditut hainbat ideia, baina pixkanaka-pixkanaka joan nahi dut. Ikasten jarraitzen dudan bitartean, manikura egiteko Azpeitian dudan lokalean jarraituko dut lanean, udan beste zerbitzuren bat eskaintzeko erronkarekin. Luzarora begira, zalantzak ditut: ez dakit Azpeitian zentroren bat ireki, herrian bertan lan egin edo Azpeititik kanpo hasi ibilbidea. Baditut nire borrokak, baina denborak esango du...