Estetika arloko EuskoSkills txapelketa irabazi du Ekain Altunak

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 22a, 18:44

Estetikako txapelketa irabazi du azpeitiarrak, eta horrela SpainSkills sariketarako txartela eskuratu du. Zarauzko Monte Albertia eskolako estetika ikaslea da Altuna, eta azken egunotan bizitako esperientzia "oso polita" izan dela kontatu du. 

Lanbide Heziketako EuskoSkills olinpiadak jokatu dituzte egunotan Irungo (Gipuzkoa) Ficoba aretoan, eta estetikako arloan, txapela eskuratu du Ekain Altuna azpeitiarrak. Txapelketa irabazita, SpainSkills olinpiadetarako txartela eskuratu du Altunak. Esperientzia "oso polita" izan dela kontatu du azpeitiarrak, eta irabazteak "ilusio ikaragarria" egin diola aitortu du. 

Altuna Zarauzko Monte Albertia eskolako estetika ikaslea da, eta haren beste bi kide sailkatu dira bigarren eta hirugarren postuetan. 

Guztira EAEko Lanbide Heziketako 41 ikastetxeetako 146 ikaslek hartu dute parte aurtengo txapelketan, eta 19 modalitatetan lehiatu dira.