Euskara lehenesteko konpromisoa hitzartu du udalak banketxeekin eta Uemarekin

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 21a, 10:00
Hitzarmenaren sinatzaileak, atzo, Bergaran. (Uema)

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko, akordioa sinatu dute Uemak, Laboral Kutxak, Kutxabankek, Bankoak eta 44 udalerrik; tartean, Azpeitiko Udalak. Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin, Bankoarekin eta Uemarekin sinatu du hitzarmena herri erakundeak. Hitzarmen horretan jaso denez, euskara lehenetsiko dute banketxe horiek Azpeitian dituzten bulegoetan.

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin, hitzarmena sinatu dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoak, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera. Hizkuntza irizpideak adostu dituzte Uemarekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek. Urola Kostako sei udalerrik ere bat egin dute hitzarmenarekin: hain zuzen ere, Azpeitiak, Getariak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak. Azpeitiko Udalak Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin, Bankoarekin eta Uemarekin sinatu du akordioa.

44 udaletako alkateak eta ordezkariak Bergarako Seminarioan (Gipuzkoa) izan ziren atzo –Eneritz Albizu joan zen Azpeitiko Udalaren izenean–, eta hitzarmena aurkezteko ekitaldia egin zuten. Bergarako alkate Gorka Artolak egin zien harrera finantza erakundeetako eta udaletako ordezkariei, eta Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok hartu zuen ondoren hitza. Ondoan izan zituen Nuria Agirre Unzueta Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendaria, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusia eta Ana Urkiza Bankoako Euskara Koordinatzailea.

Esker hitzak izan zituen Lazkanok: "Uemarekin eta 44 udalerri euskaldunekin akordioa sinatu duten hiru finantza erakundeek argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmenean, eta bulegoak udalerri euskaldunetan dituztela ulertuta eta udalerri euskaldunek euskarari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, bulego horietan euskara lehenesteko konpromisoa ere hartu dute. Beraz, jarrera eredugarria dute, zalantzarik gabe".

Hitzarmena, zazpi puntutan

Hori guztia bermatu ahal izateko, Uemak, Laboral Kutxak, Kutxabankek, Bankoak eta 44 udaletako alkateek hainbat kontu hitzartu eta zazpi puntutan bildu dituzte. Honako ildoak zehaztu dituzte puntu horietan: elkarren arteko harremanak, hizkuntza irizpeak (mezu elektronikoak, produktuak, txartelak, kutxa automatikoak...), langileak, banka elektronikoa, hedapena, jarraipen batzordea eta ebaluazioa eta indarraldia.

Alde guztiek, ohiko komunikazio euskarriak erabiliz, herritarrei zein bezeroei hitzarmen horren berri emateaz gain, hiru finantza erakundeen bulegoetako langileei hitzarmenaren arrazoiak eta edukiak ezagutarazteko gida ere prestatu dute elkarlanean, hizkuntza irizpideak bilduta. Finantza erakundeek gaurtik aurrera helaraziko dizkiete gida horiek langileei, irizpideak argi izan ditzaten.