Alberdik eta Egigurenek promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketa jokatuko dute

Andoni Elduaien 2021ko urr. 6a, 08:50
Alberdi, ezkerretik bigarrena; Egiguren, erdian. (Aspe pelota)

Zortzi pilotarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan, eta horietako bi dira Alberdi eta Egiguren. Egigurenek ostiralean jokatuko du final laurdenetako kanporaketa Zubizarretaren aurka, eta Alberdik Bakaikoa izango du aurrean larunbatean. Final laurdenetan ligaxka jokatuko dute zortzi pilotariek.

Aspe eta Baiko eskuzko pilota enpresek atzo, asteartea, aurkeztu zuten 2021. urteko promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketa. Guztira, zortzi pilotarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan, eta azpeitiarrak izango dira horietako bi: Jon Alberdi eta Julen Egiguren Egiguren V.a.

Bi pilotari azpeitiarrek aste honetan bertan ekingo diote txapelketari. Final laurdenetako ligaxkarekin hasiko dute lehia zortzi pilotariek, baina lau onenek lortuko dute soilik finalerdietara sailkatzea. Egiguren V.a izango da txapelketa hasten lehena; izan ere, Aspe enpresako aurrelariak Zubizarreta III.aren aurka jokatuko du ostiralean, Iurretako (Bizkaia) Kepa Arroitajauregi pilotalekuan. Alberdik, berriz, larunbatean jokatuko du Balmasedako (Bizkaia) udal pilotalekuan, eta Bakaikoa izango du aurrean.

Egigurenekin batera, Dariok, Zabalak eta Salaverrik ordezkatuko dute Aspe. Bestalde, Alberdirekin batera, Baiko ordezkatuko dute Zubizarretak, Bakaikoak eta Larrazabalek. Finalerdiak urriaren 31n jokatuko dituzte, eta finala, atsedenik hartu gabe, azaroaren 6an jokatuko dute txapelketako bi pilotari onenek. Iaz, Egiguren finalera iritsi zen, nahiz eta txapela Elordik jantzi zuen.