22-5 galdu du Egiguren V.ak promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finala

Nerea Uranga 2020ko abe. 26a, 19:49
Egiguren V.a promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketako txapeldunordea izan da. (Argazkia: Aspe pelota))

Pilotari azpeitiarrak Elordiren kontra jokatu du gaur arratsaldean promozio mailako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketako finala, Tolosako Beotibar pilotalekuan (Gipuzkoa).  Partidaren bukaeran triste agertu da Julen Egiguren. "Gehiago egitea baneukan, baina partidaren hasieratik lotuta eta pixka bat urduri sentitu naiz", adierazi du.

Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarrak profesionaletako lehen finala jokatu du gaur. Promozio mailako Lau eta Erdiko txapela erabakitzeko neurketan aritu da Elordiren kontra. Mallabiarrak (Bizkaia) alde handiarekin irabazi du txapela gaur Tolosako Beotibar pilotalekuan. Finaleko emaitza 22-5 izan da.

Partidaren bukaeran "triste" agertu da Egiguren eta kantxan ez dela  ertoso sentitu adierazi du: "Hasieratik lotuta eta pixka bat urduri sentitu naiz, eta egindakoarekin triste nago. Gehiago egitea baneukala uste dut, baina horrela gertatu da, eta hala izan beharko du. Finalean egindakoarekin ez naiz gustura sentitu, eta hurrengoan izan beharko du".