Elkartasunez itzuli dira musikara

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 6a, 17:38
Intxausti, Luis, Xela, Kusto eta Markos. (Maria Gorostiola)

Hainbat urtez isilik egon ostean, Azpeiti-Azkoitiko In Your Face (IYF) musika taldeak Gure mendekua izeneko diskoa plazaratu berri du. Joan zen astean atera zuten labetik beren azken lana, eta duela egun gutxi jarri dituzte salgai disko fisikoak Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotako tabernetan. Guztira, bederatzi abestiz osatutako lana da Gure mendekua, eta zenbait lagunen kolaborazioarekin osatu dute.

2009. urtean jaio zen In Your Face taldea, garai hartan musikazaleentzat erreferentea zen Txarrantxa tabernaren bueltan, eta hamarkada hartan Urola bailaran indartsu zegoen punk-oi! eszenaren olatu bete-betean. Bost ziren hasierako kideak: Markos (bajua), Xela (gitarra), Intxausti (gitarra) Luis (Bateria) eta Hegoi (ahotsa). Azken urteetan, aldiz, Kusto aritu da abestiei ahotsa jartzen. IYF-ko bost gazteak hainbat urtez ibili ziren streetpunk doinuak Urolako eta Euskal Herriko txokoetan zabaltzen. Musika talde ezagunen bertsioak jotzen hasi ziren, kontzertuak eskainitzen, eta azkenean beren disko propioa kaleratu zuten, Desembarco Makarra (Teletetxo Records, 2012) izenekoa. Bide horretan, inguruotan ezagunak bihurtu ziren abestiak sortu zituzten, hala nola Makarras del Urola kantua, zenbait lokal eta tabernetan oraindik entzuten dena. Baina duela bost urte pasatxo, talde gisa ibilbidea amaitzea erabaki zuen IYF-ek, arrazoi desberdinak tarteko. Taldearen bidea ez zen hor amaitu, ordea.

Musika eta aldarria, eskutik

In Your Face-n musika beti egon da salaketari eta aldarriari lotuta, eta taldearen behin-behineko itzulerak ere badu osagarri horretatik. Hain zuzen, elkartasuna du ardatz Azpeiti-Azkoitiko taldearen proiektu berriak. Gitarrei hautsa kentzeko eta horiek astintzeko ordua zela iritzita ekin zioten disko berriaren sorkuntzari duela bi urte inguru, “arrazoi politikoengatik” auziperatua izan zen kide bati laguntzeko asmoz. “Duela urte batzuk Azpeitiko saninazioetan kontzertu bat antolatu genuen arrazoi politikoengatik auziperatua izan zen lagun baten defentsan dirua biltzeko. Kontzertu hartan jaso genuen babesa ikusita, indarrak bildu, eta helburu berarekin disko berri bat grabatzea erabaki genuen, talde bezala martxan jarraitzen ez genuen arren”, kontatu dute. Hortik sortu zen Gure mendekua diskoa sortzearen ideia.

San Inazio bezperan Azpeitian egiten dituzten punk-oi! kontzertuek lotura zuzena dute In Your Face-rekin. Izan ere, talde horretako kideak izan ziren 2011. urtean Frontoi Txikiko kontzertuak antolatzen hasi zirenak, herriko festetan musika mota hori falta zela iritzita. Azpeiti-Azkoitiko taldearentzat berezia da data hori, musika taldea ibilbidearen azkenetan zegoela hitzeman bai zuten urtean behin, San Inazio bezperan, kontzertu bat emateko elkartuko zirela. Orduz geroztik horrela egin dute urtez urte, 2018ra arte. Beraz, IYF-ren ibilbidea duela urte batzuk amaitu zen arren, ez dira geldirik egon, eta horren erakusle dira saninazioetako kontzertuak eta aurkeztu berri duten lana.

In Your Faceko musikariak (Maria Gorostiola)

Taldekideek azaldu dutenez, “hainbat arazo, buruhauste eta mundu mailako pandemia baten ondoren” udan bukatu zuten diskoa. Hain zuzen, 2020ko iraila eta 2021eko martxoa bitartean grabatu zuten Gure mendekua Azpeitiko 2Noisy estudioan, Oihan Lizasoren eskutik. Sortze prozesua “konplexua eta nekagarria” izan den arren, emaitzarekin “oso gustura” gelditu dira bost musikariak. “Sortze prozesua mantsoa eta nekagarria izan da. Bost taldekide gara, bakoitza bere egin beharrekin; lana, familia, bizitza aurrera ateratzeko eguneroko borroka... Eta dagoeneko 30 urte ditugu! Gainera, lehen esan bezala, taldekide bat  ez zen herrian bizi, eta beste pare batek egonaldi luzeak egin behar izan dituzte kanpoan, lana tarteko. Proiektuari gogotsu eta indarrez ekiten genion bakoitzean ezbeharren batek gure erritmoa oztopatzen zuen, ordea. Mundu mailako pandemia bat ere izan dugu tartean, eta ia amore ematear egon ginen. Burua altxatu eta beste pauso bat aurrera ematea erabaki genuen, ordea, eta orain esku artean dugu diskoa”, azaldu dute. Era berean, eskerrak eman dizkiote Lizasori egindako lan guztiagatik.

Bederatzi dira azken lanean jaso dituzten abestiak: Gure mendekua, Esan aurpegira, Hil arte bizi, Kaos, Azken agurra, 631, Sua eta Kapitala eraila. Abesti horietako bat, Esan aurpegira, Deficiencia Mental taldearen abestia da, IYF-k bertsionatu duena. “Bidea ireki zigun taldea da Deficiencia Mental”, gogoratu dute taldekideek. Abestien eta, oro har, diskoaren ezaugarriez galdetuta horrela diote musikariek: “IYFen soinuari fidel jarraitzen diogu, baina kaleko musikaren barruan estilo ezberdinetako printzak eman dizkiogu abestiei”. Diskoarekin batera dator bederatzi abestien hitzak jasotzen dituen liburuxka. Kritika eta aldarria darie letrei. “Abestietako hitzak kritika zuzen, zorrotz eta mardulak dira, gizarteari, kapitalismoari... Guk musika borrokarako arma moduan ulertzen dugu; horregatik abesti gehienak borrokarako deiak dira eta politikoki argi lerratzen gara. Bada abesti bat gure bizitzaren hausnarketa jasotzen duena edota betirako bihotzean eramango ditugun anaiei barnetik abesten diogun abesti bat, gogoratzen direnak ez direlako inoiz hilko”, adierazi dute.

Elkartasun keinu bat

Diskoaren helburua zein den argi dute bost taldekideek: “Diskoarekin lortutako diruaren %100a auziperatutako lagunaren defentsara bideratuko dugu. Guztira, 1.000 kopia ekoiztu ditugu, eta gure helburua da horiek denak saltzea. Guztiak saldu eta gure helburua lortuko bagenu, gainontzeko etekinak beste kausa nahiz elkarte batzuk babesteko erabiliko ditugu”.

Horrez gain, aurkezpen bira bat antolatzeko lanetan dabiltzala aurreratu dute, “egoerak uzten duenerako”. Beraz, taldearen kontzerturen bat hartuko luketen eragileei eta norbanakoei deia egin diete: “In Your Facerekin bat egin eta esku artean dugun elkartasun proiektu honen parte izan nahi duten gaztetxe, kulturgune edo tabernei dei egiten diegu kontzerturen bat antolatzera animatzeko. Emanaldi horietan sarrera sinbolikoa jartzea da helburua, eta sarrera horietatik irabazirik izango balitz, horiek ere kausa, talde edo kolektibo sozialei laguntzeko izango dira”. Behin diskoaren ekoizpena ordainduta, Interneten jarriko dute entzungai azken lana. “Argi utzi nahi dugu ekoizpenaren kostuak berdintzen diren unean bertan, diskoa doan eta eskuragarri jarriko dugula Spotifyn, Youtuben eta bestelako plataforma digitaletan”.

Harrera paregabea

Joan zen astean jarri zituzten salgai aurreneko disko fisikoak eskualdeko herrietan, eta astelehenean gainerako lekuetan. Urola Kostan, Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian eskura daiteke diskoa, zortzi eurotan. Azpeitian, Haginpe eta Urtzi tabernetan; Azkoitian, Dean tabernan eta Zumaian Metro eta Nikol tabernetan.

IYF-ko musikariek azaldu dutenez, “ikaragarria” izan da jendeak diskoari egin dion harrera, eta oso eskertuta daudela adierazi dute. Era berean, gogoratu dute diskoa plazaratu duten arren, ez direla talde gisa itzuli: “Adierazi nahi dugu hau ez dela behin-betiko itzulera bat; diskoaren salmentekin gure helburua betetzen badugu –auziperatua izan den lagunaren gastuak ordaindu ahal izatea–, antolatzen ari garen kontzertuen bidez hainbat kolektibo eta antolakuntza sozial babesteko erabiliko ditugu etekinak. Horrela, elkartasun proiektu honekin emango dugu gure azken agurra”.