Xanti Agirrezabala: "Jendeak susto handia hartu zuen 'Satiro'-rekin, etxetik hasita"

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 1a, 12:00

24 urterekin, harro esan dezake antzerkitik bizi dela. Ez da gutxiagorako. Sortzaile, aktore eta irakasle lanak uztartu behar izaten ditu horretarako, puzzlea osatu. Urrutitik antzematen zaio gustuko lekuan dabilela. Gipuzkoako Hitzan argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Umetatik saltsa guztietan ibili izan da Xanti Agirrezabala (Azpeitia, 1997). Inor ez zuen harritu antzerkigintzaren bidea aukeratu zuenean. Baina beste gauza bat izan da zer sortzeko kapaz den erakutsi duenean. Satiro baten rolean sartuta, bi urte daramatza bere eta besteren kontzientziak astintzen. Eta ez da hori eskuartean darabilen proiektu bakarra.

Nor da Xanti Agirrezabala?

24 urteko azpeitiarra, aktorea eta sortzailea, edo aktore sortzailea, eta horren barruan sar daitezkeen gremio guztiak.

Erremontisten familian, artista ugari bai, baina zeu lehendabiziko aktorea.

Ofizioz bai, lehenengo aktorea ni, baina teatreroak eta artistak dezente dauzkat familian.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Ez dakit. Familian ez dugu izan antzerkirako joera handirik. Umetan pailazoak ikustera bai, eta antzerki topaketetan ere zerbait bai, baina zaletasun berezirik ez. Gerora jakin dut nire amona gazte garaian herriko antzerki taldean ibili izan zela, eta kristoren ilusioa egin zidan horrek.

Noiz jabetu zinen aktore izan nahi zenuela?

Nik uste umetatik oso argi izan dudala; horretan aritzen nintzen beti, teatroan, saltsan. Denetan ematen nuen izena: musikan, marrazketan, dantzan… Dantza izango zen arte eszenikoetara gehien gerturatzen zena, eta umetan hasi eta urte askoan ibili nintzen; dantza sueltoko txapelketetan ere parte hartzen nuen. Hala ere, Azpeitiko gazteen antzerki taldera nahiko berandu sartu nintzen, DBH4n edo. 15 bat urte izango nituen Alaitz Olaizolarekin antzerkian hasi nintzenean.

Hor egin zenituen lehenengo urratsak. Zer eman zizun eskola horrek?

Beti esaten dugu Alaitz Olaizola dela gure antzerkiko ama. Eta zer eman zidan? Dena. Ezer ez jakitetik eta ezer ez edukitzetik, zer egiteko gai izan nintekeen jabetzea. Sektorearen ikuspegi bat ere bai, zer den teatroa, eta lehenengo aldiz oholtza batera antzerkia egitera igotzeko aukera. Orduan ezagutu nituen oraindik nire lagun diren eta izango diren hainbat kide ere: Ekain Ibarguren, Ignacio Arakistain, Ignacio Azkue, Mireia Galarza, eta abar. Hor taldetxo bat sortu genuen, eta proiektu bat baino gehiago martxan jarri ere bai: Txantxalgara pailazo taldearekin hiru bat urtean herriz herri emanaldi mordoxka egin genituen; Uztarriaren Kontuk eta Komeriyek atalerako bideoak sortzen genituen, herrian pil-pilean zeuden gaiak umorez landuta…

Herriko antzerki eskolan hasi eta urtebetera, Goenkale-n aktore hartu zintuzten; eta Goenkale, Goenkale zen…

Kristorena izan zen hori. Batxilergoko lehenengo mailan nengoen, gogoz kontra, egunean zortzi orduz, gustatzen ez zitzaizkidan eta gero ikasi nahi nuenarekin inolako zerikusirik ez zuten ikasketak egiten, ez zegoelako beste aukerarik. Eta, bat-batean, casting bat egin, eta astean bitan Miramonera grabatzera, eta kobratuz. Nik, gainera, Goenkale ikusi egiten nuen, eta egun batetik bestera, han nengoen neu; goiz guztia pasatu nezakeen Boga-Boga zegoen kalean.

Aktore sortzaile izateko bide horretan, sekula oztoporik jarri dizute ingurukoek?

Sekula ez, argi zegoen honek izan behar zuela nire jarduna. Lanbide ezegonkorra da, eta horrek kezka sortzen du, ni ere kezka horrekin bizi naiz, baina gero konturatu naiz teatreroa izateagatik niri ezarritako kezkak beste lanbideetan ere badaudela. Ingurukoek lagundu egin didate beti, eta neu ere saiatu naiz gauzak egiten etorkizunerako begiradarekin.

Batxilergoa bukatuta, zer egiteko prest zeunden aktore izatearren? Adibidez, Madrilera joango al zinatekeen?

Hor jokaldia oso ondo atera zitzaidan, eta ez nuen gehiegi pentsatu beharrik izan, Madrilgo titulazio bera lor daitekeen eskola geuk ireki genuelako Bilbon: Dantzerti. Urteak zeramatzaten esaten bazetorrela eta bazetorrela, eta justu Batxilergoko bigarren maila egiten ari nintzenean baieztatu zuten hurrengo ikasturtean martxan jarriko zutela.

Zortekoa zu!

Neure buruari esan nion hantxe sartu behar nuela, bai ala bai, eta kosta ahala kosta. Ez zen erraza: hamabostentzat lekua bakarrik zegoen, eta aurkeztuko ginen 80 bat edo. Halaxe sartu nintzen Arte Dramatikoko Goi mailako Eskolara. Gu hamabost lagun eta dantza ikasketak egitera sartu ziren beste bederatzi edo, besterik ez zegoen eskolan.

Dantzertira sartu zen Xantik eta handik irten zenak ba al zeukaten zerikusirik?

Hori galdetu nire ikaskideei, barre ederrak egingo lituzkete. 17 urterekin sartu nintzen eskolara, eta lau urte beranduago, beste bat atera nintzen. Heldutu egin nintzen, eskolan egindako lanagatik eta adin horietan gurasoen etxetik kanpo eta Bilbon bizitzeak esan nahi duten guztiagatik. Fisikoki ere asko aldatu nintzen, sekulako egurra ematen zigutelako. Teoria ematen ziguten, eta beharrezkoa da, noski, baina saioen %70 fisikoak dira. Egunero txandala jantzita, hanka hutsik eta izerditan; faltan botatzen dut hori. Hala ere, atzera begira jarrita, lehendabiziko urteak hobeto aprobetxatu nitzakeen sentipena daukat. Orain konturatzen naiz eskolara zer ume sartu nintzen, orain sartuko banintz, askoz gehiago zukutuko nituen urte haiek.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.