Gizarte eta politika gaiak jorratzeko hainbat ekitaldi iragarri ditu Munoandik datozen hilabeteetarako

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 30a, 11:24
'Aita Mari' erreskate itsasontzia.

Aita Mari erreskate ontziaren lana izango dute lehen hitzorduan mintzagai. Hitzaldia, dokumental emanaldia eta ontziarekin zuzeneko konexioa prestatu dituzte datorren astearterako, urriak 5, Sanagustin kulturgunean.

"Munoandi kultur elkarteak bizirik jarraitzen du". Esaldi horrekin hasita iragarri du elkarteak bere itzulera, eta datozen hilabeteetan gauzatuko dituen hainbat ekitaldiren berri eman du.

"Azkenaldian pandemia honek isilik egotera eraman gaitu, baina gure esentziak bizirik darrai. Egoera trakets honek ez du herriarengan sortu nahi dugun hausnarketa gunea izatearen grina itzaldu. Diziplina ezberdinetan erreferente izan daitezkeen azpeitiarrekin kontatu nahi dugu ikuspegi ezberdinen bitartez hausnarketara eta aisialdira gonbidatuz, eta ahal bada, orain arte egin dugun bezala, euskaraz. Herrian dagoen kultur mugimendu oparoari erreparatuz, Munoandik osagai erakargarri bat izaten jarraitu nahi du, eta, horretarako lanean jarraituko dugu", adierazi du elkarteak ohar bidez, jendaurreko jarduna berreskuratzearekin betetzen jarraitu nahi dituen helburuak azpimarratuz.

Gizarte eta politika gaiak

Gizarte eta politika arloko gaiak jorratuko ditu Munoandik urtea bukatu bitarterako prestatu dituen egitasmoekin.

Datorren astearterako, urriaren 5erako, jarri dute lehen hitzordua Munoandikoek. Egun horretan, Aita Mari erreskate ontzia izango da protagonista Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Itsas Salbamendu Humanitarioa (ISH) gobernuz kanpoko erakundearen itsasontziaren "proiektuari eta islatzen duen drama sozialari heldu" nahi dio Munoandik. Sanagustinen, dokumental bat emango dute eta Nerea Machado Aita Mariko koordinatzaile azkoitiarrak hartuko du hitza, erreskate ontziaren ibilbideaz eta bizipenetaz aritzeko. Hitzaldiaren ondoren, berriz, itsasontziarekin harremanetan jarriko dira zuzeneko konexio baten bidez, "boluntarioen momentuko bizipenak ezagutu ahal izateko".

Urriko bigarren astean hasiko da Munoandik bere egitarauan sartu dituen bi erakusketetako bat. Urriaren 13tik aurrera, Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan, Berriro inoiz ez, Gerrako irudiak (1936-1939) izeneko erakusketa jarriko dute ikusgai. 22 horma irudik eta hainbat objektuk osatzen dute Sabino Arana Fundazioak prestatutako erakusketa hori; 1936ko gerrako gudarien objektuak, gutunak, presoen zerrendak eta isun agiriak ikusi ahal dira bertan, besteak beste.

XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakumeen inguruko Itzalpeko emakumeak erakusketa ere jarriko du Munoandik Azpeitian, baina horretarako data zehazteko dute.

Azaroaren 13an, berriz, Sahara hizpide hartuta mahaingurua egingo dute Sanagustinen, 12:00etatik aurrera. Mendebaldeko Sahara: gatazkaren urratsak izenburua jarri diote mahainguruari.