Dena prest dago ostiralean hasiko den Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXII. Ziklorako

Organo Erromantikoaren XXII. Nazioarteko Zikloaren aurkezpena, Azpeitian. (Anartz Izagirre)

Loiolan, Azkoitian eta Bergaran izango dira kontzertuak, ostiral honetan hasi eta urriaren 23ra bitartean. Gaur, asteartea, egin dute aurkezpena udaletxean, eta bertan izan dira egitasmoaren antolatzaileak. Berrikuntzak ere izango dira aurten: Loiolako kontzertuak ostiraletan izango dira, ez igandeetan. Bestalde, Esteban Elizondok oroigarria jaso du hiru udaletako ordezkarien eskutik, urte hauetan guztietan egindako lanagatik.

Bueltan da beste urte batez Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa, eta aurtengoa XXII. edizioa izango da. Gaur, asteartea, aurkeztu dituzte egitaraua eta edizio berriaren nondik norakoak Azpeitiko udaletxean, eta bertan izan dira Azpeitiko Udaleko Eneritz Albizu Kultur batzordeburua eta Pili Arrieta Kultur teknikaria, Azkoitiko Udaleko Sonia Vazquez Kultur batzordeburua eta Bergarako Udaleko Edurne Korta Kultur teknikaria. Horrez gain, aurkezpenean izan dira Esteban Elizondo, Loreto Aramendi, Itziar Urbieta, Jose Luis Frantsesena eta Ignacio Arakistain organo-jotzaileak ere. Ostiral honetan hasiko dira emanaldiak, eta urriaren 23ra bitartean, hamar kontzertu entzun ahal izango dira. Sarrera guztiak doakoak izango dira.

Albizuk hasi du hitzartzea, eta aurtengo egitarauaren berri emateaz gain, XXII. edizioan izango diren berrikuntzak zeintzuk izango diren nabarmendu du azpeitiarrak. Alde batetik, Loiolako basilikan izango diren kontzertuetan aldaketak iragarri ditu. Izan ere, orain arte igande arratsaldeetan izaten ziren emanaldiak; orain, ordea, ostiraletara pasatu dituzte, "zerbitzuaren kalitatea" hobetzeko xedez: "Herritarrek hala eskatuta, egoki ikusi dugu Loiolako kontzertuak ostiraletan egitea, entzuleentzat zein kontzertua eman behar dutenentzat egokiagoa iruditzen zaigu". Beraz, kontzertuak ostiraletan izango dira, 20:00etatik aurrera.

Bestalde, Albizuk azpimarratu du hiru udalentzat "oso garrantzitsua" dela Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa, bai kalitateagatik, bai jendeak ematen duen erantzunagatik: "Jendeak asko eskertzen duen ekitaldi bat da, eta oso beharrezkoa iruditzen zaigu berau sustatzen jarraitzea". Horrez gain, Loiolako organoaren inguruko xehetasunak ere eman ditu Kultur batzordeburuak: "Loiolako basilikako organoa Cavaille-Coll bat da, Paristik dator, nahiz eta jatorria Katalunian duen. 1888an egin zen, eta organo berezia da, eliza borobil baterako sortua baita. Teklatuak ezkerretik eskuinera daude antolatuta, eta ez solairuka".

Kalitatezko hamar kontzertu

Aurtengo edizioan, guztira, hamar kontzertu entzuteko aukera izango da Loiolako basilikan, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian zein Bergarako Santa Marina parrokian. Gipuzkoako Organoaren Lagunak taldeko kide eta organo-jotzaile diren Loreto Aramendik eta Itziar Urbietak parte-hartzaileen xehetasunak eman dituzte. Nazioarteko musikariek zein bertakoek eskainiko dituzte kontzertuak; besteak beste, munduan zehar ezagunak bilakatu diren Ben Van Oosten eta Kurt Lueders organo-jotzaileak izango dira; baita, esaterako, Euskal Herriko Aitor Olea, Loreto F. Imaz zein Myriam Ulanga ere. Gainera, Azpeitiko zein Bergarako organo ikasleen kontzertuak ere izango dira aurtengo zikloan.

Urbietak, bestalde, organoaz gain beste hainbat instrumentu entzuteko aukera izango dela ere aipatu du: "Klarinetea, biolina, ahotsa... Organo zikloa izan arren bestelako doinuak entzuteko aukera ere izango da. Kalitatezko kontzertuak izango dira guztiak".

Esteban Elizondo, jaso duen oroigarriarekin. (Anartz Izagirre)

Esteban Elizondori eskertza

Egitarauaren berri emateaz gain, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren lehen ediziotik antolakuntzan aritu den Esteban Elizondori eskertza egiteko abagunea aprobetxatu dute hiru herrietako udalek. Bergarako Udalak hiru udalen izenean prestatutako oroigarri bat eman diote aurkezpenean bertan Elizondori, eta Kortak "utzitako oinordetza" eskertu dio. Vazquezek eta Albizuk ere eskerrak eman dizkiete hari zein Frantsesenari urte hauetan guztietan egindako lanagatik. Vazquezek, bestalde, "errelebo ona" dutela azaldu du; izan ere, datorren ediziotik aurrera Gipuzkoako Organoaren Lagunak izango da zikloaren antolakuntzaz arduratuko den taldeetako bat.

Elizondok ere esker hitzak izan ditu hiru udalentzat, eta hark Azkoitian, Azpeitian zein Bergaran dauden organoen garrantzia azpimarratu du hitzartzean: "Nazioartean garrantzia duten hiru organo ditugu hiru herri hauetan; gainera, aspalditik eskean ibili ostean, Bergarakoa berritu egingo dute". Azken 22 urteetan antolakuntza lanetan "oso gustura" ibili dela ere nabarmendu du organo-jotzaileak: "Lan handia izan da, baina gozamen amaigabea ere bai".

Egitaraua

Aste honetan izango dira lehen kontzertuak. Hona hemen Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXII. Zikloaren egitaraua, osorik:

Azkoitia:

  • Urriaren 2a, larunbata. 20:00etan, Ben Van Oosten organo-jotzailea.
  • Urriaren 16a, larunbata. 20:00etan, Kurt Lueders organo-jotzailea eta Pascale Karampournis biolin-jotzailea.
  • Urriaren 23a, larunbata. 20:00etan, Loreto Aramendi eta Sarah Perarnaud organo-jotzaileak.

Azpeitia (Loiola):

  • Urriaren 1a, ostirala. 20:00etan, Loreto F. Imaz organo-jotzailea eta Ainhoa Zubillaga mezzoa.
  • Urriaren 8a, ostirala. 20:00etan, Azpeitiko eta Bergarako organo ikasleen kontzertua.
  • Urriaren 15a, ostirala. 20:00etan, Karol Mossakowski organo-jotzailea.
  • Urriaren 22a, ostirala. 20:00etan, Brice Montagnoux organo-jotzailea eta Eva Villegas klarinete-jotzailea.

Bergara:

  • Urriaren 2a, larunbata. 20:00etan, Aitor Olea organo-jotzailea eta Bergarako Orfeoia.
  • Urriaren 16a, larunbata. 20:00etan, Joxean Pascual organo-jotzailea eta Karmele Muro sopranoa.
  • Urriaren 23a, larunbata. 20:00etan, Myriam Ulanga organo-jotzailea eta Roberto Nuño biola-jotzailea.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide