Kepa Peñagarikano eta Izeta VI.a, pentatloiaren bezperetan elkarri galdezka

Bihar, larunbata, jokatuko da IV. Euskal Pentatloiaren finala, 22:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Kepa Peñagarikano azpeitiarra eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra dira finala jokatuko duten sei kirolarietako bi. Txapelketaren bezperetan elkarri galdezka jarri ditu Uztarriak.

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Joseba Otaegi, Iñaki Errazkin, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo eta Kepa Peñagarikano ariko dira bihar, larunbata, IV. Euskal Pentatloiaren finalean nor baino nor. Horietako batek hartuko du Xabier Zalduaren lekukoa Euskal Pentatloiaren irabazleen palmaresean. 22:00etan hasiko da finala, Azpeitiko zezen plazan.

Izeta VI.a eta Peñagarikano elkarri galdezka aritu dira. Batak besteari bosna galdera zuzendu dizkiete. Hona hemen galderak eta erantzunak.

Izeta VI.a Kepa Peñagarikanori galdezka:

 

1- Aurten zer egiteko intentzioarekin joango zara Euskal Pentatloiko finalera? Zer postu egitea gustatuko litzaizuke?

[Barreak] Pentatloiko bigarren kanporaketa jokatu nuen nik, eta orduan larri sailkatu nintzen finalera. Hori kontuan hartuta, finala jokatzeko aukera izatea bakarrik lorpena izan da niretzako. Esperantza handirik ez neukan finalera sailkatzeko, kanporaketaren aurretik ez nenbilelako oso ondo entrenamentuetan. Orain, finalean sartu naizenez, postuak berak baino ilusio gehiago egiten dit iazko denbora [38:42 denbora egin zuen iaz] hobetzera irteteak. Iazkoa baino denbora hobea egitea eta azkena ez egitea dira nire finalerako helburuak; gainera, batak bestea ekarriko du. Nire asmoa da lasai-lasai irten plazara, disfrutatu, eta ahal bada aurreko urteko txapelketan baino denbora hobea egitea; beste inolako helburu berezirik gabe joango naiz finalera.

2- Pilotako entrenamentuetatik pentatloikoetara zer da aldatzen dena?

Zalantzarik gabe, beste bost kirol desberdin dira pentatloikoak, baina pilotan ibiltzen nintzenean ere asko entrenatzen nuen korrikan eta gimnasioan. Orain, baina, pisuarekin entrenatzeko garaian, pisua-eta aldatu egiten dira. Alderaketa egiten hasita, aizkora kirol teknikoa da, baina baita pilota ere. Pilota eta pentatloiko bost kirol diziplinak desberdinak dira, baina bietarako egin behar izaten dira planifikazioa eta entrenamentuak. Gertatzen dena da, pentatloian epe luzeagorako helburu baterako entrenatzen jardun behar izaten dugula; hau da, urtean hitzordu bat edo beste izaten ditugu, eta horietarako entrenatzen, igoal, bost hilabete lehenagotik hasi behar izaten dugu, eta buruarentzako luze joaten da. Pilotan, aldiz, asteburuero izaten da partidaren bat, eta kasu horretan asteroko helburu txiki horietako entrenatu behar izaten da. Gainontzean, ordea, baterako zein besterako egunero entrenatu beharra izaten da.

3- Pentatloia prestatzeko astean zehar zenbat egunetan entrenatzen duzu?

Saiatzen naiz astean egun batean, behintzat, jai egiten. Pilotan ibiltzen nintzenean, pilotari profesionala nintzen, eta horretara bakarrik jarduten nuen; hau da, egunero geunden pilotarako, entrenatzeko nahiz jokatzeko. Gaur egun, ordea, pentatloian ibiltzeaz gainera, lana egiten dugu; beraz, lana nahiz entrenamentuak uztartu behar izaten ditugu. Askotan, lanaren arabera entrenatzen dut, baina astean bost edota sei egunetanprestaketa saioak egiten saiatzen naiz.

4- Pentatloia etxean, Azpeitian, jokatzeak presiorik eragiten al dizu?

Ez dut presiorik antzematen txapelketa Azpeitian jokatzen delako. Uste dut alde horretatik zorteko naizela, era horretan nire inguruko jende gehiagok dauka plazara joateko aukera. Azpeitikoa plaza polita da, eta nigatik beti Azpeitian jokatuko nuke.

5- Animatu al zinateke astebete batean nirekin entrenatzera?

Bai, nola ez, gustura gainera. Inolako arazorik gabe entrenatuko nuke zurekin astebete batean. Ez nuke arazorik edukiko crossfita egitera joateko.

Peñagarikano Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ari galdezka:

 

1- Iaz banakako pentatloi txapelketako finalera ez zinen sailkatu. Aurten, finalera sailkatu eta irabazteko faborito nagusia zara. Zein da sekretua?

Sekreturik ezingo dugu kontatu, handia izango baita sekretua kontatzen hastea [Barreak]. Beno, zer esango dugu bada… Gaur egun dudan sasoia izatera iristeko egin dudana asko entrenatzea izan da. Batik bat egurrean aritu nahiz prestatzen, aizkoran. Horrez gainera, gimnasioan ere ordu asko-asko egin ditut entrenatzeko. Herri kirolean aritu diren kirolari zaharrek edota herri kiroletako eskoletan ibiltzen direnek uste dute dena harri jasotzen eta aizkoran jardutea dela; horretan oinarritzen dira prestaketarako. Nire ustez, baina, gimnasioan egin beharreko lana ere handia da herri kirolerako edota pentatloirako prestatzeko. Gimnasioan ordu asko sartzen ditut nik, eta pentatloirako prestatzeko entrenamentu espezifikoak egiten ditut, gainera. Beraz, nik uste dut azken urtebete honetan gimnasioan egindako lan mardulak ondo prestatuta egoteko balio izan didala. Horretarako, entrenatzaile berri bat ere hartu nuen, eta horregatik guztiagatik egin dut aurrera.

2- Nola moldatzen zara pentatloiko bost kirolak prestatzeko?

Pentatloiko bost kirolak prestatzeko orduan, egurrak-eta jartzen ni bakarrik jarduten naiz. Harriarekin, harri jasotzeko prestaketetan, osabak [Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a] laguntzen dit, eta aizkorako lanean laguntzeko beste bat etortzen zait. Azkenean, herri kirola den hori astean bitan bakarrik entrenatzen dut nik,, beste dena gimnasioan entrenatzen dut. Hau da, kirol horiei lotutako ariketa espezifikoak egiten ditut gimnasioan, baina harria ukitu gabe. Batekin nahikoa ez eta hiru entrenatzailerekin ibiltzen naiz ni, denei kasu egiten nahiko lan!.

3- XXI. mendeko kirolaria zara, crossfitean entrenatzen duzu, etxean herri kirolariak dituzu. Haiekin txokerik izaten al duzu?

Bai, asko txoke asko izaten ditut osabarekin eta. Haientzako crossfita kirol berria da, eta horretan inork ez dit lagundu. Baina, orain, hona iritsi naizenean eta maila erakutsi dudanean, denak laguntzeko prest dauzkat. Kirol bat ala bestea egin nik lehengo kirolari bera izaten jarraitzen dut. Astean hirutan-edo joaten naiz crossfita egitera, eta hori osabari-eta ez zaie asko gustatzen. Ni horrela prestatzen naiz, ordea, eta horri esker inoiz baino hobeto prestatu naizela uste dut. Azkenerako, etxekoek ere asimilatu egin dute.

4- Hainbeste entrenatuta lesiorik izan al duzu? Eta lesiorik izan baduzu, zer egin duzu gero onera etortzeko?

Bai, lesioa orain dela lau aste-edo belauneko lotailu batean zaintiratua izan nuen, baina nahiko azkar osatu dugu lesio hori. Nola? Masajistari esker. Masajista bezalakorik ez dago horrelako lesioak osatzeko.

5- Buru-belarri pentatloirako entrenatzen ari zara orain. Beste zaletasunik baduzu, horiek egiteko nola moldatzen zara?

Zaletasunak asko ditut; esaterako, crossfita asko gustatzen zait niri, eta hori egitea asko botatzen dut faltan. Orain, ahal dudanetan, bi jardunak bateratzen saiatzen naiz, eta batzuetan crossfit-crossfit egiten dut. Izan ere, nahiz eta orain gimnasioan ibili, pentatloirako prestatzeko ariketa berezituak egiten ditut batik bat eta bakarka. Bakarrik entrenatzea gogorra egiten da, eta taldean jarduteko gogoa daukat. Bestalde, auto lasterketetan ibiltzea ere asko gustatzen zait, baina orain denborarik ez daukat horretarako, eta zaletasun hori ere baztertuta daukat.

Erlazionatuak

Dena prest dago bihar jokatuko den IV. Euskal Pentatloi Sariaren final handirako

Kirolak

Euskal Pentatloi Sariaren barruan emakumeen txapelketaren lehen edizioa izango da aurrena, eta ondoren, gizonen txanda izango da. Horiek hiru perts...

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide