Dena prest dago bihar jokatuko den IV. Euskal Pentatloi Sariaren final handirako

Anartz Izagirre 2021ko ira. 24a, 09:00
Banakako IV. Euskal Pentatloi Sariaren finalean parte hartuko duten kirolariak. (Anartz Izagirre)

Euskal Pentatloi Sariaren barruan emakumeen txapelketaren lehen edizioa izango da aurrena, eta ondoren, gizonen txanda izango da. Horiek hiru pertsonako bi taldetan banatuta neurtuko dituzte indarrak. Bihar, zapatua, 22:00etan hasiko da lehia, Azpeitiko zezen plazan, eta sarrerak salgai daude 25 euroren truke.

Guztia prest dago banakako IV. Euskal Pentatloi Sariaren final handirako, eta atzo, osteguna, finalaren aurkezpena egin zuten Azpeitiko zezen plazan. Bertan izan ziren norgehiagokan parte hartuko duten bederatzi kirolarietatik zortzi —Iñaki Errazkin falta zen— zein antolatzaileak, eta biharko egun handirako xehetasunak eman zituzten. 22:00etan hasiko da lehia, eta dagoeneko eskura daitezke finalerako txartelak Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko jatetxean, 25 euroren truke. Horrez gain, bihar bertan bi ordu lehenago salgai jarriko dituzte txartelak leihatilan. 21:00etan irekiko dituzte ateak.

Lehenik eta behin, Emakumezkoen I. Pentatloi Txapelketa jokatuko da zezen plazan, eta hiru kirolari arituko dira nor baino nor gehiago lehian, txapelaren bila: Karmele Gisasola Zelai III.a, Lucia Orbe eta Garazi Arruti. Guztira, bost lan gauzatu beharko dituzte: harriari hamabost jasoaldi egin, giza proban plaza bat egin, aizkoran bi 36 ontzako enbor ebaki, txingekin lau plaza egin eta lasterka hamabost buelta eman zezen plazari (kilometro eta erdi). Hiru kirolari horietako batek jantziko du emakumeen lehen edizioko txapela.

Gizonen txapelketa, berriz, banako laugarren edizioa izango da, eta bi txandatan banatuta jokatuko dute final handia. Lehen txandan, Aritz Irazabalek, Julen Gabirondok eta Kepa Peñagarikanok neurtuko dituzte indarrak —bigarren kanporaketan 4., 5. eta 6. postuetan gelditu zirelako—, eta bigarren txandan, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Joseba Otaegi eta Iñaki Errazkin arituko dira —1., 2. eta 3. postuak erdietsi zituzten bigarren kanporaketan—. Beraz, sei kirolari horietako batek hartuko du lehen hiru edizioetan garaile izan zen Xabier Zalduaren lekukoa. Guztira, bost proba gauzatu beharko dituzte finalean: harriari 25 jasoaldi egin, giza proban bi plaza egin, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza egin eta zezen plazari 30 buelta eman lasterka (hiru kilometro).

Honako lotura honetan ikus daitezke bigarren kanporaketako argazkiak, eta beste honetan, lehen kanporaketakoak. Bi horiek ere Azpeitian jokatu ziren.