Azpeitiarren doinuak

Felipe Murilloren euskal kanta gogokoenak

Uztarria.eus 2021ko ira. 8a, 09:00

Felipe Murillo musikaria da Uztarria.eus-ek udan martxan jarri duen Azpeitiarren doinuak serieko bosgarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu azpeitiarrak, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Amaren sabelean (Patxi Saiz): "Manex Erdozaintzi Etxarten hitzak musikatu zituen Patxi Saizek abesti hau sortzeko orduan, eta ikaragarri gustatzen zaidan kanta da. Testuak sortzen duen iruditeria eta melodiaren bizitasuna oso modu dotorean eta hunkigarrian nahasten direla iruditzen zait".

  • Itsasoa ari zait (Idoia Azurmendi): "Hain orokortua ez dagoen abesbatzentzako musika konposatzen badu ere, Idoia Azurmendi herritarrak punta-puntako obrak sortu izan ditu. Itsasoa ari zait Tolosako Nazioarteko lehiaketarako enkargua izan zen, eta mundu mailako abesbatza onenek interpretatu zuten Ainhoa Odriozola herritarraren hitzak musikatuz osatutako Azurmendiren abestia. Esloveniarren bertsio hau bereziki gustatzen zait".

  • Ilun ikarak (Imanol): "Benito edo Laboa binomiotik haratago dagoen horretan arakatuz, ez dira urte asko Imanolen kantak deskubritu nituela. Ilun Ikarak abestiak asko hunkintzen nau. Sinplea bezain ederra da, eta lo kanta moduan funtzionatzen duela deskubritu genuenetik gure etxean asko entzuten den melodia esanguratsua da".

  • Ametsen eraiste neurtua (Anari): "Zaila egiten zait Anariren kanta bat aukeratzea, baina gogoratzen dut kanta honek erdibitu ninduen momentua. Asko gustatzen zait letrak nola interpelatzen duen entzulea bigarren pertsona horrekin, eta musikak nola egiten duen pixkanaka gora lehertu arte. Zeharkatu egiten nau".

  • FAQ (Berri Txarrak): "Berri Txarraken abesti ezagunenetariko bat ez bada ere, letra terapeutikoenetariko bat duela esango nuke. Bizitzaren galderak zalantzan jartzen ditu, eta kontraesanak berrantolatzen ditu musikalki laguntzen dioten mozketa eta aldaketa neurtuekin. Inoiz erre zintuen su horrek berak argitu zizun jarraitzeko bidea; ibili, erori eta altxatzearen oinarrizko legea".