Xabier Iturraldek Escatroneko Uztai Txapelketa irabazi du

Anartz Izagirre 2021ko abu. 24a, 08:45
Lizarralde eta Iturralde –eskuinean–, Escatroneko Uztai Txapelketan. (Xabier Iturralde)

Ander Lizarralde villabonatarrarekin batera parte hartu zuen azpeitiarrak larunbatean, eta behiari zortzi uztai sartzea lortu zuten. Gaur, asteartea, beste txapelketa batean lehiatuko da bikotea, Martzillan (Nafarroa).

Joan den larunbatean, hilak 21, Escatroneko (Aragoi, Espainia) Uztai Txapelketan parte hartu zuen Xabier Iturralde azpeitiarrak Ander Lizarralde villabonatarrarekin batera —Joanes Balentziaga azkoitiarra ordezkatu zuen Iturraldek—, eta behiari adarretan zortzi uztai sartuta, txapelketaren lehen postuan gelditu zen bikotea.

Hermanos Ozcoz ganadutegiko hamabi behi izan ziren Escatronen, eta hamabi bikotek parte hartu zuten bertan; 721 zenbakiko behiarekin lehiatu ziren Iturralde eta Lizarralde. Bigarren postuan gelditu zen bikoteak zazpi uztai sartzea lortu zituen, eta hirugarren bi bikote gelditu ziren behiari hiruna uztai sartuta.

Gaur, asteartea, beste txapelketa bat jokatuko dute Iturraldek eta Lizarraldek Martzillan (Nafarroa), Merino ganadutegiko behiekin.