Txirrista bat jartzen ari dira Izarraizko Atea parkean, haurren eskaerei erantzunez

Maialen Etxaniz 2021ko abu. 5a, 17:32
Eremua egokitzen eta txirrista ipintzen aritu dira egunotan. (Maialen Etxaniz)

Luzeran hamalau metro eta erdi inguru ditu txirristak, eta datozen egunetan izango da erabilgarri. Udalak Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa osatzeko haur eta gaztetxoekin egindako prozesuan jasotako eskaerei erantzunez ipini du txirrista Izarraizko Atean.  

Izarraizko Atea parkeko eta Goenako jolasgune berriak ez ezik, aisialdirako beste entretenimendu bat ere izango dute aurrerantzean herriko gaztetxoek; izan ere, azken egunetan txirrista bat jartzen ari dira Izarraizko Atea parkean. Hain zuzen, duela hilabete ingurutik erabilgarri dagoen jolasgunearen ondoan ari dira txirrista berria jartzen. Luzeran hamalau metro eta erdi inguru ditu txirristak, eta egunotan gunea prestatzen eta txirrista dagokion gunean ipintzen aritu dira. Laster izango da erabilgarri.

Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa osatzeko egindako prozesuaren barruan, herriko hainbat haurrekin eta gaztetxorekin bildu ziren udal ordezkariak eta Gazteria Sailekoak, eta haiek egindako eskaerei erantzunez egin dituzte Goenako eta Izarraizko Atea parkeko aisialdirako guneak.

Izarraizko Atea parkeko hondargunean ezarri dute jolastokia, eta besteak beste, sareak eta zintzilikatzeko jolasak jarri dituzte han. Goenan, berriz, tirolinaz gain, haurrentzat eta gaztetxoentzat abentura parkea muntatu dute zuhaizpean. Hain zuzen ere, material naturalekin osatutako jolasak eta oztopoak jarri dituzte han.