Munoaundi herri harresitura bisita gidatua egingo dute hilaren 24an

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 20a, 14:22
Iaz egindako bisita gidatuko irudietako bat.

Abaraxka aterpetxean elkartuko dira bisita gidatua egin nahi duten herritarrak 11:00etan. Handik oinez zein autoan igoko dira Burdin Aroko herri harresitura. Aztarnategiaren gaineko informazioa eta historia jasoko dute bertaratzen direnek.

Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua ezagutzeko aukera izango dute herritarrek uztailaren 24an. Izan ere, Aranzadi zientzia elkarteak bisita gidatua antolatu du egun horretarako, Azkoitiko nahiz Azpeitiko udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Bisitarako hitzordua 11:00etan jarri dute Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. Han elkartu eta Munoaundira joango dira parte-hartzaileak, oinez. Lehenik eta behin, 25-30 minutuko ibilaldi bat egingo dute herri haserritura iritsi arte; han bisita gidatuaz gozatzeko aukera izango dute, eta ondoren, berriz, oinez bueltatuko dira irteera lekura. Oinez herri harresitura iristeko zailtasunak dituzten lagunentzat, ordea, ibilgailuak jarriko dituzte. Bisita gidatua, Antxoka Martinez Aranzadi Elkarteko kideak eta Munoandiko aztarnategiko arduradunak gidatuko du.

Bisita euskaraz eta gaztelaniaz egingo dute. Antolatzaileek bisitara mendiko botak edo mendirako zapatila egokiak, jaka eta ura eramateko eskatu diete. COVID-19a dela eta indarrean dauden arauak eta protokoloak betetzea "ezinbestekoa" izango da bisitaldian.

Herrixka gotortua

Munoaundi Burdin Aroko gaztelu zahar, kastro edo herri harresitua da, Txalintxo edo Munoaundi mendian dagoena. 2003ko urriaren 7an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Munoaundiko aztarnak Burdin Arokoak baitira. Gipuzkoan, gaur arte, horrelako beste hamar herri harresitu aurkitu dira gutxienez –Buruntza, Basagain, Iruntxur, Murugain, Murumendi, Muru, Akutu, Santiagomendi, Boluntxo, Belaku–. Gainera, Basagainez gain, modu sistematikoan indusi zen lehenetarikoa izan zen Munoaundi. Indusketari esker, ordura arte ia jorratu gabe zegoen arkeologia eremu bat ikertzen hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea. Ondo kontserbatutako aro horretako arrastoak bilatu dituzte bertan. Gaur egun, oraindik ere udaro 25 bat lagun izaten dira bertan indusketa lanetan, Azkoitiko eta Azpeitiko udalek elkarlanean bultzatzen dituzte lanak.

Zeramika puskez gain, errota zirkular baten zatia, burdinezko aizto bat, neurketa markak dituen kono-enbor formako pisu bat, burdin xafla bat eta brontzezko fibula bat –azken hauek honelako aztarnategietan oso bakan agertzen diren materialak dira– aurkitu zituzten. Ezkurra eta bestelako haziak ere aurkitu dituzte.

Herriak 7 HA-ko eremua hartzen du. 2 metro inguruko zabalera duen harresiak ez du herri osoa inguratzen; ekialdean duen maldan ez baitu babes artifizialen beharrik. Barruan aterrazamendu bat egina du bizilekuak atontzeko, hain zuzen, eta harresitik kanpo, beherago, beste bigarren bat du. Barruko eremuan, hormatik gertu, bizileku ziren zoruak aurkitu dituzte. Mendebaldean oinplano karratu edo poligonaleko bi dorrez babestutako sarrera dauka herriak, eta baita pasabide horretara eramaten duen bide perpendikular bat ere.