Koronabirusa Azpeitian

Aurten ere bertan behera utzi dituzte saninazioak

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 5a, 20:15
Udal ordezkariak eta eragileetakoak plazan, gaur, festarik ez dela izango iragartzeko atera duten argazkian. (Azpeitiko Udala)

"Udalak eta eragileek adostasun zabalarekin" hartutako erabakia izan da, erakundeak jakinarazi berri duenez. Santioen eta saninazioen bueltan eragileek antolatzen dituzten ekitaldi batzuk egingo dituzte aurten, baina ez data horietan.

Espero zena baieztatu dute eta, bigarren urtez jarraian, Santio eta San Inazio festarik ez da izango aurten ere Azpeitian. 2020an bezala, COVID-19aren pandemiak baldintzatuta hartu dute erabakia. Udako festak ez egitearena "udalak eta eragileek adostasun zabalarekin" hartutako erabakia izan da, hain zuzen ere, erakundeak jakinarazi berri duenez. Iaz bezala, udal ordezkariak eta eragile horietako kideak plazan elkartu dira gaur arratsaldean, erabakia irudikatzeko.

"Txertaketa kanpainarekin aurrera egin eta prebentzio neurriak arindu badira ere, oraindik normaltasunerako abagune gutxi eskaintzen du egoerak", udalaren aburuz. "Bizi dugun egoeraz kezkatuta eta festak gero eta gertuago daudela ikusita", azken astean festetan parte hartzen duten eragileekin bilerak egin dituela azaldu du erakundeak, Mikel Odriozola Festa batzordeburuak aurretik ere hainbat eragilerekin "festen inguruko iritziak elkartrukatzeko aukera" izan duela gaineratuta. "Herri gisa nola jokatu erabakitzeko egin dira bilerak talde ezberdinekin eta Alde Zaharreko tabernariekin", zehaztu du udalak.

Ekitaldi batzuk aurrera, baina ez betiko datetan

Santiorik eta saninaziorik ez dela izango baieztatzearekin batera, festa egun horietan ohikoak izaten diren ekitaldi batzuk aurten egin, egingo dituztela ere jakinarazi du udalak, baina ez festetako ohiko datetan.

"Festarik ez antolatzea, eta festa egunetako egitarauan antolatu ohi diren ekintzak dataz aldatzea eman da ontzat" udalaren eta eragileen artean. Hainbat ekitaldi bertan behera geldituko dira, baina beste batzuk egitea erabaki dute eragile batzuek. "Beren ekitaldia antolatzea erabaki duten taldeek eta elkarteek uztailean zehar, abuztuan edo udazkenean" egingo dituzte, udalak azaldu duenez.

Arduraz jokatzeko deia

Festak bertan behera utzi arren, Santio eta San Inazio egunetan udala zein eragileak adi egongo direla aurreratu du udalak, "egon daitezkeen jende pilaketak, eta ondorioz, gerta daitezkeen kutsaketak ekidin asmoz lanean jarraitzeko konpromisoa hartu" dutela azpimarratuta.

"Prebentzio neurriak bete daitezen elkalanean" ariko dira udala eta herriko hainbat eragile, eta "arduraz jokatzeko momentua" dela ekarri du gogora, beste behin, Odriozola batzordeburuak. "Badakigu santioak eta saninazioak, beste festa guztiak bezala, oso preziatuak direla herritarren artean. Baina aurten ez dago baldintzarik festarako. Arduraz jokatzeko momentua da, herritar guztion osasuna babesteko", adierazi du.