'Ospel' filma laburrak hainbat sari jaso ditu asteburuan

Julene Frantzesena 2021ko eka. 13a, 13:19
'Ospel' filmaren grabaketako irudi bat.

AEBetako Trapped Film Festivalen lau sari eskuratu ditu, eta beste bat Sabadellgo Beldurrezko Film Jaialdian. Rodriguez "oso gustura" agertu da jasotako sariak tarteko. 2020ko urriaren amaieran estreinatu zuen lana azpeitiarrak.

Xanti Rodriguezen Ospel film laburrak hainbat sari jaso ditu egunotan. Nazioartean hainbat aitortza jaso ditu euskal filmak; izan ere, AEBetako Trapped Film Festivalen lau sari eskuratu ditu: zinematografia onenarena, gidoi onenarena, ekoizpen diseinu onenarena eta beldurreko film labur onenarena.

Horrez gain, baina, Sabadellgo (Bartzelona, Katalunia) Beldurrezko Film Jaialdian ere sari bat eskuratu berri du Ospelek. Hain zuzen ere, epaimahaiak film labur onenaren bigarren saria eman dio Rodriguezi, "Euskal Herriko landa eremua islatzen duen moduagatik eta horrek sorginkeriarekin duen harremana modu berezian eta errealistan jasotzen duelako".

Rodriguez "oso gustura" agertu da jasotako sariak tarteko, eta hark azaldu duenez, filma hartzen ari den oihartzuna "handia" ari da izaten. Horren erakusle da, adibidez, lana azken asteetan hainbat jaialditarako hautatu izana.

2020ko urriaren amaieran estreinatu zuen lana Rodriguezek, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astean. Euskal mitologia du oinarri lanak, eta istorioan garrantzia handia dute gauak, eguzkiloreek eta kondairek; baita euskarak ere.