Minbiziaren aurkako elkarteak egoitza izango du Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 8a, 15:08
Nagore Alkorta alkatea eta AECCko BegoƱa Crespo eta Juan Ormazabal udaletxean, gaur, hitzarmena sinatu ondoren. (Mailo OIarzabal)

Udalak eta Gipuzkoako AECC-k gaur sinatu dute hitzarmena. Baigera I eraikineko hirugarren solairuan eskainiko du elkarteak aurrez aurreko zerbitzua hil honen bukaeratik aurrera, astelehen eta asteazken goizetan. Bitartean, boluntarioak erakartzeko kanpaina egingo du herrian.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC) Azpeitian ere egoitza izango du aurrerantzean. Nagore Alkorta alkateak eta Juan Ormazabal Gipuzkoako AECC-ren presidenteak hitzarmena sinatu dute gaur; izan ere, Azpeitiko Udalak Baigera I eraikineko hirugarren solairuko bulego bat utziko dio AECC-ri, elkarteak bere zerbitzuak han eskainii ditzan. Bi urterako hitzarmena da gaur sinatu dutena, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

Minbizia duten pertsonei zein horien familiei zuzendutako hainbat doako zerbitzu eskaintzen ditu Minbiziaren Aurkako Elkarteak, eta aurrerantzean zerbitzu horiek eskura izango dituzte Azpeitian azpeitiarrek zein inguruko herritarrek.Elkartearen asmoa da ekain bukaeran bere egoitza berrian lanean hastea; astelehen eta asteazken goizetan irekiko ditu ateak AECCren Azpeitiko egoitzak, eta elkartearen Urola Kostako batzordeko kideak arduratuko dira Baigera I-eko bulegoko zerbitzuaz.

Egoitza berria prestatu eta bertan lanean hasi bitartean, herrian boluntario berriak erakartzeko kanpaina bat egingo dutela aurreratu dute Gipuzkoako AECC-ren arduradunek. Kanpaina hori eta herrian eta inguruan egon daitezkeen "beharrak detektatzea" izango dira, hain zuzen, AECC-k Azpeitian egingo dituen lehen lanak. Azpeitiko egoitzaz, elkartearen zerbitzuez, boluntario edo bazkide izateko eman beharreko pausoez eta abar informazioa nahi duen orok, berriz, elkartearen 943-45 77 22 telefono zenbakira dei dezake.

Azpeitiko alkateak eta Gipuzkoako AECC-ren presidentea "eskertuta" hitz egin dute hitzarmena sinatu ondoren. Elkarteak egiten duen lana eskertu du Alkortak, eta AECC-k Azpeitian egoitza irekitzea "aurrepausoa" dela adierazi du, herrian bertan horrelako zerbitzuak eskura izatearen "garrantzia" azpimarratuta: "Ezinbesteko lana da elkarteak egiten duena. Zoritxarrez, minbizia zabaldutako gaixotasuna da, eta Azpeitiko Udalaren helburua okerren pasatzen ari diren horiek babestea eta horien bizi kalitatea hobetzea da". Ormazabalek, bere aldetik, udalak erakutsitako "prestutasuna" eskertu du. Elkartearen helburu nagusiak minbiziaren eragina murriztea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea direla azaldu du, eta helburu horiek gauzatzeko "ahalik eta gipuzkoar gehienengana iristea" nahi dutela. Orain arte Donostian, Irunen, Eibarren, Zumarragan, Tolosan eta Zarautzen zituen egoitzak Gipuzkoako AECC-k, eta aurrerantzean Azpeitian ere izango du; lurraldeko "mapan dauden hutsuneak betetzen" joan nahi du AECC-k, eta bide horretan beste urrats bat izango da Azpeitiko bulegoa.

Minbiziaren aurkako Astea

Urola Kostako Minbiziaren aurkako Astearen barruan sinatu dute Azpeitiko Udalak eta AECC-k elkarlanerako hitzarmena. Besteak beste, bazkide berriak inguratzea da aste horren helburua. Izan ere,  AECC "ia erabat bazkideen ekarpenekin" finantzatutako elkartea dela azaldu du Ormazabalek Azpeitian.

Asteko ekintza gehienak Zarautzen antolatu badituzte ere, etzi hitzaldia eskainiko dute Basazabalen.