Paziente onkologikoen zaintzaileei laguntzeko, hitzaldia antolatu du AECC elkarteak

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 7a, 08:22

Minbiziaren Aurkako Astea antolatu du AECC elkarteak, eta aste honetan zehar hainbat saio izango dira Urola Kosta eskualdean. Ekitaldi horien barruan emango du hitzaldia Miriam Marquez psikologoak; ostegunean izango da, 17:00etan, Basazabal jauregian.

Minbiziaren aurkako AECC elkarteak Minbiziaren Aurkako Astea antolatu du aste honetarako, Urola Kosta eskualdean babes handiagoa lortzeko helburuarekin. Elkartearen nahia da bazkideak erakartzea, gaixoekiko eta senideekiko arreta indartzeko eta minbiziak jotako biztanle gehiagorengana iristeko. Horren harira, hitzaldiak, ekitaldiak nahiz online saioak izango dira aste honetan zehar Urola Kostako hainbat herritan.

Azpeitian emango dute hitzaldi horietako bat. Hain zuzen ere, ostegunean, ekainak 10, Miriam Marquez Gipuzkoako AECCko psikologoa ariko da hizlari, Zaintzailearentzako zainketak izenburupean. Basazabal jauregian izango da saioa, 17:00etan hasita. Hitzaldian, paziente onkologikoen zaintzaileei zuzendutako aholkuak eta jarraibideak emango ditu Marquezek.

Elkartearen egoera

2020an, minbiziak kaltetutako 92 pertsona artatu zituzten AECC elkartearen eskualdeko egoitzan, eta 283 saio psikologiko eta 433 esku hartze edo kudeaketa izan ziren gizarte arloan. Gaur egun, AECCk 1.109 bazkide ditu Urola Kostan, eta haien ekarpen solidarioei esker, psikologia eta gizarte arretako saioak doakoak izan ohi dira pazienteentzat eta senideentzat.