Azpeitiak eta Astigarragak ostiralean jokatuko dituzten finalerdietako joaneko partidak zuzenean ikusi ahal izango dira Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan

Uztarria.eus 2021ko eka. 10a, 08:30

18:30ean hasita jokatuko dituzte norgehiagokak Izarraitz pilotalekuan. Zuzeneko emankizunean Xabier Euzkitze kazetaria eta Jon Alberdi pilotari profesionala ariko dira esatari lanetan.

Gipuzkoako Eskuzko Herriarteko Txapelketa iritsi da azken txanpara: asteburu honetan eta hurrengoan jokatuko dituzte finalerdiak Azpeitiak eta Astigarragak nahiz Alegiak eta Oiartzunek.

Azpeitiaren eta Astigarragaren arteko joaneko neurketak Izarraitz pilotalekuan izango dira ostiralean, 18:30ean hasita, eta Uztarria.eus-en nahiz Erlo Telebistan zuzenean ikusi ahal izango dira horiek. Zuzeneko emankizunean Xabier Euzkitze kazetaria eta Jon Alberdi pilotari profesionala ariko dira esatari lanetan.

Ilunpek dagoeneko jakinarazi du zein pilotarik jokatuko dituzten biharko partidak: kadeteen mailan Odriozola eta Egiguren ariko dira lehian; jubeniletan, berriz, Egigurenek eta Labakak ordezkatuko dute Azpeitia; eta seniorretan Alberdi eta Murgiondo aterako dira kantxara.

Azpeitiak Astigarragan jokatuko ditu itzulerako partidak datorren asteburuan, eta finalera sailkatzen diren bi herriek jokatuko dute 2021eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala ekainaren 26an.

Azpeitiak joan zen astean lortu zuen finalerdietarako txartela, Hernani mendean hartuta. Itzulerako partidak Azpeitian jokatu zituzten pilotariek, eta 3 eta 0 irabazita sailkatu ziren azken fasera.