Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalerdietara sailkatu da Azpeitia

Anartz Izagirre 2021ko eka. 4a, 21:18

Ilunpeko pilotariek 3-0 irabazi diote Hernaniri gaur, ostirala, Izarraitz pilotalekuan jokatutako itzulerako norgehiagokan. Datorren asteburuan jokatuko dituzte finalerdietako joaneko partidak, Astigarragaren edo Tolosaren aurka, Izarraitz pilotalekuan. Erlo Telebistan eta Uztarria.eus-en ikusi ahal izango dira finalerdietako joaneko neurketak.

Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren finalerdietara sailkatu dira gaur, ostirala, Azpeitiko esku-pilotariak. Abantailarekin ekin diote azpeitiarrek Hernaniren aurkako lehiari; izan ere, 1-2 gailendu ziren Ilunpeko pilotariak joan zen astean, Hernanin jokatutako joaneko lehian. Gaur, berriz, jaun eta jabe izan dira azpeitiarrak kantxan, eta 3-0 irabazi dute etxeko norgehiagoka. Kadeteetan, 22-13 nagusitu dira Labaka eta Egiguren azpeitiarrak; jubeniletan, berriz, 22-7 gailendu dira I. Egiguren eta Labaka, eta azkenik, seniorretan, 22-3 irabazi dute partida Alberdik eta Uzkudunek.

Gaurko partidak bihar, zapatua, Erlo Telebistan eskainiko dituzte 12:00etan; horrez gain, Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango dira. Jon Alberdi pilotariak eta Koldo Aldalur kazetariak egin dituzte esatari lanak.

Bestalde, jubenilen neurketa bukatu ostean omenaldia egin dio Azpeitiko Udalak Jon Alberdi pilotariari, Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketa irabazteagatik. Oroigarri bat jaso du Alberdik Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburuaren eskutik.

Finalerdiak, datorren asteburuan

Finalerdietako joaneko neurketak ekainaren 12an jokatuko dituzte azpeitiarrek Astigarragaren edo Tolosaren aurka —bihar jakingo da zein herrik lortzen duen finalerdietarako txartela—. Izarraitz pilotalekuan izango da joaneko lehia, eta orain arteko etxeko partida guztien moduan, datorren asteko partidak ere zuzenean ikusi ahal izango da Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan. Finalera sailkatzea lortzen duten taldeek ekainaren 26an jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala.