Urtea bukatzerako behin betiko zigilatuta geldituko da Lapatxeko zabortegi zaharra

Anartz Izagirre 2021ko eka. 5a, 08:15

Lapatx zabortegiaren zigilatzea "aurreikusi bezala" doala adierazi du Aitor Bereziartua udaleko Ingurumen batzordeburuak. Duela zenbait aste ekin zioten zabortegi zaharra zigilatzeko falta zen zatia zigilatzeari, eta 12.000 metro karratu inguru zigilatuko dituzte datozen hilabeteetan.

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, Lapatx zabortegi zaharra behin betiko zigilatuta geldituko da urtea amaitzerako; 2016ko abenduaren 1ean itxi zuten Lapatx, eta 2018an ekin zioten zigilatze lanei. Gaur, zapatua, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta egun horren harira zigilatzeari buruzko hainbat xehetsun eman ditu Aitor Bereziartua udaleko Ingurumen batzordeburuak eta Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak.

Bereziartuaren arabera, "aurreikusi bezala" doaz zigilatze lanak, eta duela zenbait aste ekin zioten zabortegi zaharra zigilatzeko falta zen zatia zigilatzeko lanei. Behin lan horiek amaituta, behin betiko zigilatuta geldituko da Lapatxeko zabortegi zaharra. Horrez gain, Bereziartuak adierazi du datorren urtean aurreikusten dutela zabortegiaren zatirik berriena zigilatzen hastea.

Martxan diren lanen bidez, 12.000 metro karratu inguru zigilatuko dituzte datozen hilabeteetan, eta lanek 1.236.617 euroko aurrekontua izango dute. Orain arte, guztira, bi milioi euro baino gehiago bideratu dituzte zigilatze lanetara. "Lapatxek zabortegi izateari utzi dio, eta hondakinen kudeaketaren inguruan lan egitetik ingurumenaren alde lan egiteko erronka dugu aurretik", azaldu du Ingurumen batzordeburuak. Horrez gain, orain "anbizioz beteriko erronka berri eta interesgarrien alde lan egitea" dagokiela azpimarratu du.