Datozen egunetan hasiko dira Lapatx behin betiko ixteko lanekin

Uztarria.eus 2018ko eka. 12a, 13:43
Lapatx zabortegiko artxiboko irudi bat. (Maialen Etxaniz)

Urola Erdiko Mankomunitateak eta Moyua enpresak aste honetan sinatu dute lanak egiteko kontratua, eta lehen fasearekin aurki hasiko dira. Udalaren arabera, "hilabete luzeetako lana" izan da Lapatx behin betiko ixten hastea lortzea. "Zabortegia ixteaz gain, klausuratzea nahi dugu, berriro hemen zabortegia izateko tentaziorik ez dezan izan inork", azaldu du erakundeak.

Urola Erdiko Mankomunitateak eta Moyua enpresak aste honetan sinatu dute Lapatx zabortegia behin betiko ixteko lanak egiteko kontratua, eta datozen egunetan hasiko dira obrekin. Lapatxek 78.000 metro koadro inguru ditu, eta lanen lehen fasean –sei izango dira guztira–, gaur egun hondakin organikoen tratamendurako egokituta dagoen gunearen ondoko eremua itxiko dute behin betiko. Gune horrek 10.500 metro koadro ditu. Sei hilabete beharko dituzte lan horiek egiteko, eta 737.739,50 (BEZ gabe) euroko aurrekontua dute lehen faseko obrek.

Udalaren arabera, "hilabete luzeetako lana" izan da Lapatx behin betiko ixten hastea lortzea, baina baimen guztiak lortuta, aurki hasiko dituzte obrak: "Itxi genuenetik, ez dugu etsi hauxe lortu arte. Zabortegia ixteaz gain, klausuratzea nahi dugu, berriro hemen zabortegia izateko tentaziorik ez dezan izan inork. Azkenean lortu dugu, eta urte luzeetako eta fasekako prozesua izango bada ere, ibilbidea hastera goaz", azaldu du Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak.

Udalak azaldu duenez, azken aldian "haizea alde" du Lapatxek; izan ere, bertan bildutako biometanoa garbitzeko eta sare nagusira txertatzeko proiektu pilotua jarriko dute martxan. "Gustura gaude, Lapatxek hartu duen norabidearekin. Urte luzez zabortegi izan den gune honetatik zerbait positiboa lortu nahi dugu, eta energia berriztagarrien proiektuak eta klausurak lanean jarraitzeko indarra eman digute", azaldu du Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak.

2016ko abenduaren 1ean itxi zuten Lapatx, eta ordutik, zabortegia behin betiko ixtea izan dute helburu udaleko eta Urola Erdiko Mankomunitateko ordezkariek.