Tolosan dena emateko prest

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 3a, 19:25
Urko Arrieta, Eneko Martija, June Urain eta Xabier Iturralde, Azpeitiko zezen plazan. (Maialen Etxaniz)

Eneko Martijak, Urko Arrietak eta Xabier Iturraldek Euskal Herriko Uztai Txapelketa jokatuko dute zapatuan Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. June Urainek, aldiz, errekorte erakustaldia eskainiko du. Lan txukunena egiten duten errekortariek ekainaren 12an jokatuko den Uztai Txapelketa Nagusirako txartela eskuratuko dute. Bertan, Espainiako eta Euskal Herriko bikoterik onenak arituko dira aurtengo txapela eskuratzeko lehian. Azpeitiarrak "gogotsu" doaz Tolosara, "ahalik eta lanik txukunena egitera eta ondo pasatzera". 

Hitzordu berezia dute datorren larunbatean Eneko Martijak, Urko Arrietak, Xabier Iturraldek eta June Urainek. Izan ere, Marques de Saka ganadutegiak antolatuta, Euskal Herriko Uztai Txapelketa eta ganaduzaleen arteko lehia izango dira Tolosako zezen plazan. Uztai txapelketan lehiatuko dira Martija, Arrieta eta Iturralde. Urainek, aldiz, errekorte erakustaldia eskainiko du. Zapaturako "gogoz" daude azpeitiarrak, baina argi diote: "Ahalik eta lanik txukunena egitera eta ondo pasatzera goaz". 

11:30ean hasiko da Euskal Herriko Uztai Txapelketa, eta bertan parte hartuko dute hiru azpeitiarrek. Eneko Martija eta Urko Arrieta bikote gisa arituko dira. Xabier Iturraldek, aldiz, Iosu Valenciano izango du bikotekide. Horiek, Marques de Saka ganadutegiko zezenekin arituko dira plazan. Ondoren, gaur egungo Espainiako txapeldunek, Joanes Balentziaga azkoitiarrak eta Ander Lizarralde billabonatarrak, uztai erakusketa eskainiko dute. 

Arratsaldean, 17:30ean hasita, Euskal Herriko bost ganaduzaleen arteko lehia izango da, plazan jarriko dituzten oztopoekin. Bertan parte hartuko dute ondorengo ganadutegiek: Bergarako zezenak, Ibiri, Leizarran, Marques de Saka eta Ruso zezenak. Ganaduzaleen erronka amaituta, June Urain azpeitiarra izango da plazara aterako dena. Izan ere, Urainek errekorte erakustaldia eskainiko du. Horrelako hitzordu batean parte hartzen duen bigarren aldia izango da zapatukoa, Azpeitian egin baitzuen estreineko agerraldia, iazko Behi Suharren Egunean

Larunbateko uztai txapelketan Euskal Herriko hamahiru bikote arituko dira lehian, eta horietatik nabarmentzen diren lau bikoteek ekainaren 12an jokatuko den Uztai Txapelketa Nagusirako txartela eskuratuko dute. Ekainaren 12koa hitzordua handia izango da; izan ere, Espainiako sei bikoterik onenak eta Euskal Herriko lau bikoterik onenak arituko dira nor baino nor Tolosako zezen plazan, aurtengo uztai txapelketako errekortaririk onenaren txapela nork eskuratuko.  

Zertxobait prestatuta, plazara irteteko gogoz

Txapelketaren atarian Uztarria.eus-ekin aritu dira solasean lau zezenzale azpeitiarrak, eta oraingoz "lasai" daudela diote, nahiz eta eguna iristen denean "zertxobait urduri" jarriko direla aitortu duten. Sariketan parte hartuko duten hiru errekortariak "ahal dena egitera" aterako dira plazara; hori bai, "maila ematea" espero dute. "Lehenago ere aritu izan gara honetan, eta espero dugu gure maila, behintzat, ematea", kontatu du Martijak. "Gustura aritzen gara, saltsan" gaineratu dute besteek. Iturralderentzat "modalitate berria" da uztaiena, baina hitzordurako gogoz dago: "Horrenbeste denbora zezenik gabe... Faltan botatzen da, eta badaukat gogoa, bai. Ez nago oso ohituta modalitate honetara, txapelketa pare bat edo egin ditut, baina pixkanaka ari gara moldatzen eta ahal den ondona egiten saiatuko gara". 

Urain ez da horrenbeste aritutakoa, baina ezin uka zezenzalea denik. Eta berak ere aitortzen du hori. Duela zortzi urte hasi zen txahal txikien aurrean jartzen, saninazioetan Frontoi Txiki ondoan jartzen duten zezen plazan, hain zuzen. Iaz egin zuen zezen plaza handira salto, Azpeitian egindako Behi Suharren Txapelketan. "Xabik [Iturralde] animatu ninduen erakustaldia egitera, eta animatu egin nintzen; egia esan, oso gustura aritu nintzen. Oraingoan ere Xabik egin dit proposamena, eta baiezkoa eman diot".

Eta, txapelketetarako nola entrenatzen dira errekortariak? Horrela kontatu du Urainek: "Joan zen astean Xabi eta biok Saka ganadutegian izan ginen, eta han atera zizkidaten lau txahal, errekorte batzuk egin eta berriro nire buruarekin konfidantza hartzeko. Gustura aritu nintzen. Gainera, Xabik aholkuak eman zizkidan, eta oso eskertuta nago. Zapatuan ere badakit hor egongo dela, eta horrek asko lasaitzen nau". 

Arrietak eta Martijak ere badute ganaduzalerik inguruan, eta hari esker entrenatzeko aukera izan dute. "Korrika pixka bat" ere egin dutela dio Arrietak: "Entrenamendu gutxi egin ditugu, baina bakoitza bere aldetik aritu da prestatzen, Eneko [Martija] pala txapelketan ere aritzen baita. Enekoren lehengusuarekin, Lopene ganadutegikoarekin, oso harreman ona dugu, eta mesede asko egiten dizkigu. Oraingoan ere mesede ederra egin digu, eta joan den igandean ganadutegian bertan pare bat behi atera zizkizun entrenatzeko". Horrelako entrenamendu asko egiten ez dituzten arren, "tarteka-tarteka" ganaduaren aurrean jartzea eskertzen dutela dio Martijak, "segurtasuna hartzeko-eta". Iturralde ere "ahal den modura" entrenatu da txapelketarako: "Kapea bat edo beste egin ditut, eta gainerakoan korrika edo bizikletan aritu naiz". 

Beraz, larunbatean ondo pasatzera irtengo dira plazara, baina ahalik eta lan txukunena egitera ere bai. "Minik hartu gabe ibiltzea ere ondo legoke", gaineratu du Urainek. 

Herritarren babesa 

Azpeitiko lau zezenzaleek Tolosan ere izango dute azpeitiarren babesa. Izan ere, zezen plazara aterako diren lau gazteen lagunak nahiz senideak han izango dira, beren kideak animatzen. Hala ere, horrelako ikuskizunak atsegin dituzten herritarrak ere animatu nahi dituzte zapatuko jaialdira, eta bertaratzeko deia egin diete. 

Zapatuko txapelketarako eta erakustaldirako sarrerak eskuragarri daude oraindik. Txartelak Saka baserrian (Itziar, Gipuzkoa) nahiz Internetez eros daitezke honako lotura honetan