Peñagarikano eta Larrañaga, Binakako II. Euskal Pentatloiaren finalera

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 30a, 11:50
Kepa Peñagarikano bola altxatzen, Binakako II. Euskal Pentatloiaren kanporaketan. (Tolosaldeko Ataria)

Kepa Peñagarikano, Gorka Etxeberria oriotarrarekin bikotea osatuta; eta Mikel Larrañaga, Jon Unanue Goenatxo III.arekin, Binakako II. Euskal Pentatloiaren finalean lehiatuko dira datorren ekainaren 20an, 17:00etan, Tolosan (Gipuzkoa).

Tolosako zezen plazan, finala hartuko duen leku berean, jokatu zuten atzo sailkapen kanporaketa. Finalean toki bila aritu ziren bederatzi bikoteetatik seik lortu zuten helburua, eta horien artean, azpeitiarrek ere bai. Peñagarikanok eta Etxeberria oriotarrak laugarren denbora onena egin zuten (18 minutu eta 56 segundo), eta bosgarren marka onena egin zuten Larrañagak eta Goenatxo azkoitiarrak (19 minutu eta 9 segundo).

Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a (kanporaketako azkarrenak, 18'16''), Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a (18’24”), Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza (18’44”) eta Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi (20’09”) dira finalean lehiatuko diren beste lau bikoteak.