Mikel Larrañagak eta Kepa Peñagarikanok Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatuko dute bihar, Tolosan

Andoni Elduaien 2021ko mai. 28a, 16:01
Peñagarikano, goian, ezkerretik bigarrena; Larrañaga, goian, eskuinetik laugarrena. (Euskal Pentatloia)

Larrañagak Goenatxo III.a azkoitiarrarekin parte hartuko du, eta Peñagarikanok Etxeberria oriotarrarekin. Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketa Tolosako zezen plazan jokatuko dute bihar, 18:00etatik aurrera.

Mikel Larrañaga eta Kepa Peñagarikano aizkolariek II. Mahala Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatuko dute bihar, zapatua, Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. 18:00etan hasiko da kanporaketa, eta lau txandatan banatuta jokatuko dute proba. Larrañagak Jon Unanue Goenatxo III.a harri-jasotzaile azkoitiarra izango du lagun, eta Peñagarikanok Gorka Etxeberria harri-jasotzaile oriotarra.

Guztira 11 bikotek parte hartuko dute pentatloian. Hasiera batean hamabi bikotek eman zuten izena, baina Inhar Urruzunok min hartu ondoren, Urruzo bera eta Aitzol Atutxa ez dira bihar Tolosan izango. Harriarekin, egurrarekin, txingekin eta korrikan egin beharko dute lan pentatloian parte hartuko duten 11 bikoteek. Lanari ekiteko, 100 kiloko bolari hogei altxaldi eman beharko dizkio bikote bakoitzak; altxaldi gutxien ematen dizkion bikoteak gutxienez zortzi jasoaldi eman beharko ditu. Bola altxatu ondoren, berriz, giza proban 400 kiloko harriari bi plaza bana eman beharko dizkiote; bikotekide bakoitzak plaza bana osatu beharko du.

Harriarekin dituzten lanak amaitutakoan, aizkorari helduko diote. Bi kanaerdiko enbor ebaki beharko dituzte eta enbor erdi bakoitzeko gutxien egiten duenak gutxienez hamabost kolpe eman beharko dizkio. Handik berriz ere plazaren erdira abiatuko dira herri kirolariak, eta 50 kiloko txingekin sei plaza osatu beharko dituzte; bikotekide bakoitzak hiru plaza egin beharko ditu. Proba amaitzeko, korrika egin beharko dute parte hartzaileek. Bi kilometro osatu beharko dituzte zezen plazan, eta gutxien egiten dituenak gutxienez zortzi itzuli eman beharko dizkio plazari.

Finala ekainaren 26an jokatuko da eta biharko kanporaketan sailkatzen diren sei bikote onenek jokatuko dute.