Gutuna

Nire loari ez dizkio orduak kentzen egia esateak

Nagore Alkorta.

Nagore Alkorta alkateak Corrugados Azpeitiaren gainean gertatutakoen eta esandakoen gainean idatzitako gutuna da honako hau.

Ez dakit egokia den idaztera noana. Ez dakit zuzena den alkate bat modu honetan mintzatzea. Dakidana da ez dela ohikoa. Ez dakit publikatuko dudan ere. Irakurtzen ari bazara ausartu naizenaren seinale. Eta bestela, gutxienik, balioko dit barruak askatzeko.

Betidanik jarraitu dut interes handiz, baina ez naiz ni politikari lotua egon. Beraz, hasi berria naiz honetan.

Azpeititik kanpo ere igaro ditut urteak. Baina, azpeitiar sentitu izan naiz beti. 2009an itzuli nintzen neure herrira, Azpeitira. Bizi izan dut Azpeitian gauzatzen ari zen aldaketa. Identifikatua sentitzen nintzen Azpeitian ematen ari zen kudeaketa eredu berritzailearekin. Ikusi eta ikasi dut posible dela gauzak beste modu batera egitea. Borondate politikoa aski omen da gauzak aldatzeko.

Geroago egin zidaten alkategai izateko eskaintza, EH Bildutik. Eta baiezkoa eman nuen. Uste dudalako merezi duela geure herriaren alde ahalegin bat egiteak.

Gehien maite ditudanengatik zin egiten dizut Azpeitiko Udalak ez duela Corrugados irekitzeko proiektu ekonomikorik. Ez dagoela jarduera hori abiarazteko administrazio prozedurarik martxan. Ordu txikitan ari natzaizu idazten, baina nire loari ez dizkio orduak kentzen egia esateak. Beste batzuk, publikoki, proiektua badagoela esaten entzuten ditudanean, pentsatzen dut, ea horiek lorik egiten ote duten.

Eta galdetzen diot neure buruari ea zerk bultzatu ote dituen publikoki gai hau modu horretan nahastera. Galdetzen diot neure buruari zerk bultzatu ote dituen proiektu ekonomikorik gabe, lantegia martxan jartzeko prozedura hasi ere egin gabe, enpresari baten kontakizun edo ahozko kontsulta soil batetik, ehunka lanpostu sortzeko "aukera paregabeaz" hitz egitera.

Gogoratzen naiz zailtasun ekonomikoak dituztenez. Langabezian edo lan baldintza kaxkarretan lanean daudelako loa galtzen duten horiez. Eta jakin nahiko nuke ehunka lanposturen iragarpen faltsuak zer eragin izan ote duen beren bizitzetan. Nik izugarrizko arduragabekeria moduan ikusi eta bizi izan dudan hori, nola interpretatzen ote duten beraiek.

Ikaragarrizko oihartzuna du boteredunaren krixkitin soil batek. Oihartzunaren oihartzunez, badirudi beraiek markatutako erritmora dantza egin beste aukerarik ez dagoela. Hedabide nagusien sintoniak errealitatea desitxuratzeko duen gaitasuna barrutik ikusteak beldurra ere ematen du.

Ez gara aberats berriak. Plaza mugatuak daude betiko aberatsen tokian. Herri langilea gara eta harro gaude garenaz.

Denborak bakoitza bere lekuan jartzen du. Eta hemen, ofizialki abian egon den prozedura bakarra Corrugadosen desmantelamentuarena izan da. 2009an erabaki zuen Eusko Jaurlairtzak PTPan Trukutxoko eremua siderurgiarako izendatzea. 2013an, lantegia martxan zegoela, Azpeitiko Udalak, EH Bilduk eta EAJk adostu zuten Corrugados herrigunetik ateratzea. Eta erabaki hark bere bidea egin du. Egiazki, ez nik, ez eta Azpeitiko Udal Gobernuak ere, ez dugu gai honen inguruan erabaki bakar bat hartu. Haiek erabaki zutena errespetatu eta bete besterik ez dugu egin. Tematia da errealitatea. Eta Corrugados desmantelatzen hasi dira.

Ez naiz deskalifikazioei erantzuten hasiko. Ez zinduket aspertu nahi. Eta, argumenturik gabeko eztabaidak ez ditut gustuko. Baldintza berdinetan eta errespetuz, publikoki, edonorekin eztabaidatzeko prest nengoke.

Ez dizut ukatuko. Gogorra da hau barrutik bizitzea. Antzeko olatu batek azpian harrapatu eta ito zaitzake. Batzuk gelditu dira bidean. Askoren artean egiten ari gara bidea. Eta holako egoerek erakusten dute oraindik ere asko daukagula egiteko, aldatzeko, hobetzeko. Horrelako egoerek erakusten dute bidea egiten ari garela ere.

Badakit hau ez dela kontu pertsonala. Askoren artean niri dagokit orain aurpegia ematea eta ahotsa jartzea. Eskerrak eman nahi dizkizuet lantaldea osatzen dugun guztioi.

Ederra da herriaren ahotsa entzutea. Eskerrak eman nahi dizkizuet nigana, gugana, babesa eskaintzera hurbildu zareten azpeitiarroi. Kalean gelditu nauzue banan-banan. Sentsibilitate askotariko azpeitiarrak, EAJko bozkatzaile fidel eta zenbait afiliatuetaraino. Eta egia osoa jakin dezazun, esango dizut herritar bakarra etorri zaidala Corrugados herrigunean zabaltzeko eskatzera. Eskertu nahi diot hari ere bigarren bueltan argi eta alai saludatu izana.

Eskerrak eman nahi dizkizuet udaleko teknikari eta aholkulari juridikoei. Profesionaltasunez aritu eta gidatu gaituzuelako. Ohartarazi nauzuelako herrigunean Corrugados irekitzeko baimena emateak ondorio penalak ekar lizkidakeela.

Eskerrak eman nahi dizkizuet sindikatuei. Gertutasunez eta konfiantzaz hartu gaituzuelako.

Eskerrak eman nahi dizkizuet hainbat enpresariri. Diskrezioz, zuen ikuspegia helarazi eta siderurgiako merkatuaren egoera zein den jakinarazi diguzuelako.

Eskerrak eman nahi dizkiot EH Bilduri. Onartzeagatik lehenik herria eta gero alderdia. Lehenik Azpeitia.

Eskerrak eman nahi dizkizuet asko eta askori; ez nuke bukatuko.

Eta eskerrak eman nahi dizkizut zuri ere hau irakurtzeagatik.

A! Etzazula pentsa hau agur bat denik. Egia esateak deskantsua ematen du. Kontzientzia lasai daukat, loak hartuko nau eta indarberrituko naiz. Elkarrekin egingo dugu denontzako Azpeitia.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide