Udalak tirolina bat ezarri du Goenan herriko hainbat gaztetxok eskatuta

Anartz Izagirre 2021ko mai. 26a, 08:30
Udaleko ordezkariak eta Txiki Txoko ludotekako hezitzaile nahiz erabiltzaileak. (Azpeitiko Udala)

Azpeitia 2030 Plan Estrategikoaren harira, Txiki Txoko ludotekako gaztetxoekin elkartu ziren udaleko ordezkariak diagnostikoa gauzatzerakoan, eta horien proposamenak entzun ondoren, berriro bildu ziren udalaren ideiak azaleratzeko. Tirolinaz gain askotariko jolasak ezarriko ditu erakundeak Goenako zuhaitzen artean.

Duela gutxi aurkeztu zituen udalak Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa eta datozen hamar urteetako ildo zein erronka nagusiak, eta diagnostikoa gauzatzerakoan herriko haur eta gaztetxoekin bildu ziren Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia. Duela zenbait aste bigarren bisita bat egin zuten udaleko ordezkariek Txiki Txoko ludotekara, eta talde bakoitzak egindako proposamenak gogorarazi eta berraztertu ostean, udalaren epe motzeko ideiak azaleratu zituzten Alkortak eta Goenagak.

Ildo horretatik, herriko zenbait haur eta gaztetxoren proposamenak gauzatzen hasi da herri erakundea; hain zuzen ere, haur txikientzako parke bat falta zela helarazi zioten prozesuan parte hartu zuten zenbait herritarrek, eta eskaera horri erantzunez, tirolina bat ezarri dute aste honetan Goenako parkean. Horrez gain, epe laburrean parke horretako zuhaitzen artean askotariko jolasak jarriko ditu udalak.

Alkateak zehaztu duenez, "prozesu aberasgarria" izan da haur eta gaztetxoekin biltzea: "Denontzako Azpeitia osatzeko konpromisoaren barruan, herritarrak parte hartzean txikitatik hezteko baliabideak eskaini nahi ditugu. Prozesu aberasgarria izan da, eta haur eta gaztetxoek ere ikusi dute beren proposamenak jaso, aztertu, eta herrirako eta herritar guztientzako onak direnak egingo ditugula".

Horrez gain, udalak nabarmendu duenez, tirolina ezartzeaz gain beste hainbat eskaera gauzatzeko konpromisoa hartu dute, eta uda bitartean jarriko dira martxan horiek.