Aitor Zulaika: "Jendea pozik ikustea gauza ederra da, eta horren parte izan naizela ikustea, are hobea"

Julene Frantzesena 2021ko mai. 10a, 15:42
Aitor Zulaika.

Aitor Zulaikak (Azpeitia, 1978) gidatzen duen Real Union taldeak mailaz igotzea lortu zuen duela hiru asteburu, denboraldia amaitzeko hiru jardunaldiren faltan. Denboraldiaren hasieratik bukaerara taldeak izan duen bilakaera azpimarratu du entrenatzaileak, eguneroko lanak fruituak eman baitizkio Irungo taldeari. Azken urteetan Zubietan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan duela eta, gustura da azpeitiarra.

RFEF Lehen Mailara igo da Real Union, hiru jardunaldiren faltan. Espero al zenuten?

Nahi bai, baina espero... Lehen fasea amaitu genuenean bagenekien aukerak genituela, baina ez genuen hain azkar iristea espero; hau da, duela hilabete ez genuen espero hiru jardunaldiren faltan mailaz igoko ginenik. Bigarren faseko bostetik lau partida irabazi ditugu, eta matematikoki lortu dugu mailaz igotzea. Liga bukatzeko bi jardunaldi falta dira, baina guk norgehiagoka bat jokatuko dugu.

Zer esan nahi du zuretzat mailaz igotzeak?

Pertsonalki, poz handia izan da. Joan zen urtean nire kutunenetakoa den talde batetik, Realetik, Zubietatik, alde egiteko erabakia hartu nuen. Erabaki zaila izan zen, ez dakit estrategikoa izan al zen ere; izan ere, beti amestutako toki batean ari nintzen lanean, baina azken bi urteetan ez niri gehien gustatzen zaidan postuan –koordinatzaile lanetan aritu nintzen–. Real Unionen aukera etorri zenean, banekien ziurgabetasun urtea izango zela; izan ere, berrantolaketa zetorren futbol mundura eta lehiatzeko modua ere aldatzera zihoan. Gainera, pandemiaren eraginez, lehen baino zailagoa izan zitekeen Espainiako Bigarren B mailako taldeen egoera ekonomikoa. Gustuko toki batetik irteteko erabakia hartu nuen, baina pertsonalki poz handia dut orain. Aurrerapauso txiki bat ere bada lortutakoa niretzat, eta izugarrizko poza daukat asko maite dudan talde bat, Real Union, gutxienez egon behar duen mailara igo delako, egoera zail bati buelta emanda.

RFEF Lehen Mailara igo da taldea. Maila berria da, pandemia tarteko sortu dutena. Zer aurreikuspen dituzue?

Ez dakigu nolakoa izango den. Hori bai, aurten Bigarren B mailan ehun talde badaude, eta hurrengo urtean hogei egongo badira, kalitate handia izango da RFEF Lehen Mailan; talde hobeak, jokalari hobeak, zelai hobeak, jarraitzaile gehiago dituzten taldeak... Maila igo egingo da, eta horrek exijentzia ere handitu egingo du. Polita izango dela uste dut, baina aurtengo denboraldia baino zailagoa edo dezente zailagoa ere bai. Dena den, ongi etorriak izango dira zailtasunak, erronka berriei aurre egiteko baikaude. Beste urtebeterako daukat Real Unionekin kontratua, eta jarraitzen badut, ahaleginduko gara erronkei aurre egiten.

Zer erronka jarri diozu zure buruari datorren denboraldira begira?

Momentuz, batere ez. Denboraldia bukatzeko partida bat falta zaigu, eta mezu aldaketa egin dugu taldean: helburu kolektiboa lortu dugunez, helburu indibidualak erdiertsi behar ditugu orain. Partida horretan minutuak izateko eta duten onena erakusteko aukera izan behar dute jokalariek. Denboraldia bukatzean hasiko gara hurrengoari begira. Hori bai: araudiak-eta finkatu gabe badaude ere, lehiaketa berriak erakargarria izateko itxura guztia dauka, nahiz eta bidaia luzeagoak-eta egin beharko ditugun eta gastuak handiagoak izango diren.

Baina zer nahiko zenuke lortzea?

Real Union zuzendaritza aldaketa baten aurrean egon daiteke, eta hori garrantzitsua da entrenatzailearentzat beti. Aldaketa izan ala ez, ni entrenatzaile baldin banaiz –hori diot kontratua izanda ere, futbol munduan azken unera arte ez delako jakiten zer pasatuko den–, orain arte egon garen mailarik altuenean entrenatzeko aukera hori aprobetxatu nahi nuke lehen egunetik azkenengora arte. Eta lehiatzea, bizitzea eta disfrutatzea dira beste helburuak.

Bukatzear den denboraldiaz zer balorazio egiten duzu?

Oso ona, baina ez orain mailaz igotzea lortu dugulako. Denboraldia nola hasi genuen eta nola joan den, hau da, helburua lortzeko egin dugun bidea baloratzen dut. Emaitzak igande arratsaldeko bostetatik zazpietara aurkaria baino hobea izateak ematen ditu, baina oso pozik nago astelehenetik larunbatera izan dugun lan egiteko modua oso ona izan delako. Horri heldu behar diogu, futbol edo kirol munduan garaipenak lortzeko bi aukera daudelako: presidente aberats bat izatea –ez da gure kasua– edo astelehenetik zapatura lana gogor egitea. Guk hori lortu dugu, eta horri heltzea nahi nuke datorren denboraldian ere.

Real Unionek denboraldi honetan duen taldetik zer azpimarratuko zenuke?

Jokalari beteranoen eta gazteen arteko harremana eta komunikazioa izan dira gauza positiboetako bat. Ez horrela erabakita, baina gazteen eta beteranoen tartean sartzen diren jokalari gutxi izan ditugu taldean. Nahasketa horri etekina ateratzen asmatu dugu, eta sortu diren harremanak oso onak izan dira; elkarri aholkuak eman dizkiote. Talde barrurako oso aberasgarria izan da hori; izan ere, zoritxarrez, aurten ezin izan dugu afari eta parrandarik egin. Bestalde, ez naiz baloratzeko pertsona egokiena, baina lortu dugu jokalari askok aurrerapausoa ematea: duela urtebete zeuden tokitik abiatuta, taldeak ez ezik, norbanako bakoitzak ere –jokalari gazteek batez ere– lortu du futbolaren munduko eskaileran maila bat igotzea.

Zer alde ikusten duzu iaz jaso zenuen taldearen eta gaur egun duzunaren artean?

Taldearen animoa da gehien aldatu dena. Real Union Espainiako Hirugarren Mailara jaisteko arriskuan izan da azken hiru urteetan, eta horrek taldean eragina izan zuen. Are gehiago, jokalariei adina edo gehiago eragin zien egoerak taldearen bueltan egon diren kideei, hala nola garbitzaileei, utileroei, delegatuei eta bulegoan bazkideekin egoten den pertsonari; eta, noski, jokalari batzuei ere bai, batez ere, hiru urte gogor horiek jasan dituztenei. Beraz, uste dut pertsona horiek guztiak animoz hobeto egotea lortu dugula. Jendea pozik ikustea gauza ederra da, eta horren parte izan naizela ikustea, are hobea.

Jagoba Beobide azpeitiarra taldean da denboraldi honetan, baita Gipuzkoako beste jokalari batzuk ere. Zer garrantzia du etxeko jokalariak taldean izateak zuretzat?

Nik horretan sinesten dut. Real Unionera lehen aldiz 2014an iritsi nintzen, eta orduan hitz egin nuen presidentearekin horretaz. Real Unionek zortea du Bigarren B mailan den Gipuzkoako talde bakarra delako, Reala B kenduta. Horregatik, Real Unionek Gipuzkoa osoa barnebiltzeko aukera dauka, baita Euskal Herriko jokalariak taldean hartzeko ere. Dagoen mailan dagoelako euskal jokalariak oinarrian dituen talde bat egiteko aukera dauka, eta nik horretan sinesten dut. Dena nire esku ez badago ere, etxeko jokalariz osatutako talde bat izan nahi nuke datorren denboraldian, horretan sinesten dudalako. Denboraldi honetan, adibidez, Urola Kostako hiru jokalari aritu dira: Jagoba Beobide, Mikel Azkoiti azkoitiarra eta Zourdine Thior oriotarra. Ea hurrengo denboraldian horiek taldean jarraitzen duten, eta gehiago baldin badira, ongi etorriak izango dira.

Realetik Real Unionera itzuli zinen. Zer eman dizu batak eta zer besteak?

Zubietan bizitakoa unibertsitateko lau urteren parekoa izan da; izan ere, Zubietatik ateratzean hara sartzean baino entrenatzaile hobea nintzela uste dut, nahiz eta azken bi urteetan beste zeregin batean aritu. Horren arrazoia da Zubietan ikasteko baliabide pertsonal eta ez pertsonal oso onak dituztela, unibertsitatean bezalaxe. Asko irakatsi didaten pertsona batzuk ezagutu ditut han, eta asko ikasteko baliabideak izan ditut eskura. Txorakeria bat dirudi, baina orain dela sei urte baino hobeto dakizkit erabiltzen futbolerako baliagarriak diren gailu teknologikoak. Zubietatik aterata, entrenatzaile bezala aurrerapausorik eman al dudan ikusteko aukera izan dut, eta lasaiago sentitu naiz, ahalmen batzuk banituelako. Zubietan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dut aurten.

Eskarmentu handia duzu entrenatzaile lanetan. Zer balorazio egiten duzu orain arte egindakoaz?

Norbere lanbidean faseak izaten dira, eta entrenatzaile baten bizitzan ere bai. Une batzuetan goian egongo zara errendimenduari dagokionez, eta beste batzuetan beherago. Uste dut nik ere denetariko faseak bizi izan ditudala entrenatzaile ibilbidean, eta argi daukat denetatik ikasten dela, bai onetatik, bai txarretatik. Zoritxarrez, gehiago ikasi dut une txarretatik, hala izan behar ez baluke ere. Uste dut bakoitzak bere lana modu berean baloratu behar lukeela, errendimendua ona izan edo txarra izan, eta autoebaluazioak etenik gabea izan behar du. Entrenatzaileok, baina, bekatu bat daukagu: emaitzak txarrak direnean gehiago autoebaluatzen gara. Emaitzak onak direnean ere ebaluazio hori egiten ikasi behar genuke. Aurtengoa nire ibilbideko fase polit bat da, jendeari irribarrea ikusi diodalako, eta hori oso-oso polita da.

Real Unionek zer eman dizu entrenatzaile ibilbidean?

Lehen aldian, lehen entrenatzaile postuan maila berri bat ezagutzeko aukera eman zidan. Izan ere, Bigarren B maila ezagutzen nuen, baina bigarren entrenatzaile ikuspegitik, Sestaon aritu bainintzen lan horretan Jose Luis Riberarekin. Aukera hura eman izana bizitza guztiarako zor diot Real Unioni, eta Realari ere bai, haren eskutik joan nintzelako Irungo taldera. Bigarren aro honek, berriz, unibertsitatean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eman dit. Bi gauza oso garrantzitsu eman dizkit, beraz, Real Unionek, eta bizitza guztian izango naiz zorretan klubarekin, Irunekin, Ricardo Garcia presidentearekin, haren batzorde osoarekin nahiz eduki ditudan jokalariekin.

Etxera itzulita, Lagun Onakeko gizonen taldea mailari eusteko lanetan dabil buru-belarri. Zer esango zenieke jokalariei?

Aspaldiko partez Garmendipen izan nintzen lehengo asteartean, bi arrazoigatik: Zubietako atezainen bizpahiru entrenatzaile hara joatekoak zirelako eta klubeko kideekin egon nahi nuelako. Poz handia hartu nuen jendea irribarrez eta positibo ikusi nuelako; izan ere, jokalariekin, entrenatzaileekin, delegatuekin eta abarrekin egoteko aukera izan nuen. Aurreikusi nuen orain gertatzen ari dena pasatuko zela; ia hileta egitetik mailari eustea eskuetan ikustera igaro da taldea, pauso handi bat eman du. Anekdota bat dut egoera aurreikusi izanaren zergatia azaltzeko: Azpeitiko supermerkatu batean Xabier Geretarekin eta Joanes Otamendirekin egin nuen topo partida baten ostean, uste dut Vitoriaren aurkako partida eta gero zela. Otamendik partida haren azken minutuan gol aukera garbia huts egin zuen, baina Lagun Onakek berdinketa lortu zuen. Supermerkatu hartan Otamendiri eta Geretari ikusi nizkien aurpegiek esan zidaten taldeak gora egingo zuela. Bi jokalari ikusi nituen, minutu bat igaro nuen hizketan, baina hori esan nuela esan dezaketen lekukoak ditut. Ordurako bide positiboan sartuta zeuden, eta halaxe izan da. Azken txanpan, azken partidetan, aurrera egin behar dute. Uste dut lortuko dutela ondo merezi duten helburua, hau da, mailari eustea.