Bulegoren kontzertuak maiatzaren 30era atzeratu dituzte

Mailo Oiarzabal 2021ko api. 26a, 19:18

Azkoitiko taldea datorren zapatuan, maiatzaren 1ean, jotzekoa zen Soreasun, baina lau astez atzeratu dute haien saio bikoitza.

Bulego musika taldea datorren zapatuan, maiatzaren 1ean, Soreasu antzokian emateakoa zen bi kontzertuak atzeratu egin dituztela jakinarazi du gaur Kulturaz kooperatibak. Hain zuzen ere, lau aste barrurako jarri dute emanaldi horientzako data berria: maiatzaren 30ean, igandearekin, ariko da Azkoitiko taldea Azpeitian.

Maiatzaren 1ean bi saio egitekoak ziren Bulegokoak, eta bi saio egingo dituzte maiatzaren 30ean ere, ordutegi berarekin. Hasieran iragarri zuten kontzertu bakarrerako (19:00etakoa) sarrerak laster batean agortu ondoren, Bulegok beste saio bat eskainiko zuela iragarri zuen Kulturazek joan den martxo bukaeran. Saio hori 16:30ean izango da, eta emanaldi horretarako "sarrera batzuk gelditzen" direla jakinarazi dute data aldaketaren iragarpenarekin batera. Kulturazen webgunean eskuratu daitezke arratsaldeko lehen kontzertu horretarako sarrerak.