Edurne Pasaban: "Zoriontasuna han aurkitu dudalako bueltatzen naiz mendira"

Ihintza Elustondo 2021ko api. 14a, 08:46
Edurne Pasaban. (Utzitakoa)

G-Naturaldia egitasmoaren barruan, Mountain dokumentala emango dute gaur, 19:00etan, Soreasu antzokian. Ondoren, Edurne Pasabanekin solasaldia izango da. Mendiaz eta hitzaldian azalduko duenaz aritu da mendigoizalea.

Lehen aldiz parte hartuko du gaur G-Naturladia egitasmoaren barruan Edurne Pasaban (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) mendigoizaleak. Jennifer Peedomek zuzendutako Mountain dokumentala eman ostean, filmaz eta berak mendiarekin duen harremanaz hitz egingo du. "Mendiko filmen artean ezaguna da Mountain, eta sentitzen ditudan gauzak azaltzen ditu".

Mendiek sortzen duten liluraz eta bizitzak zein ametsak moldatzeko duten gaitasunaz hitz egiten du dokumentalak. Zer da zuretzako mendia?

Bizitzeko filosofia bat. Mendirik eta naturarik gabe, ez nuke nire bizitza ulertuko, edo ez litzateke bizitza betea izango. Eta ez bakarrik goi mendietan ibili izan naizelako eta horri denbora asko eskaini diodalako, baizik eta txiki-txikitatik mendiarekin harremana izan dudalako. Euskal Herrian jaio gara, eta inguruneak asko eragiten du. Gero, nire ogibidea bihurtu da mendia, baina bestela ere nire bizitzaren parte bat izan da.

Gaur egun zer harreman duzu mendiarekin? Zortzi milakoak egiten jarraitzen duzu, edo kontua lasaiago hartzea erabaki duzu?

Egia esan, ama izan nintzenetik, gauzak ezberdin ikusten ditut. Dena den, badaukat harremana Himalaiarekin eta goi mendiarekin. Orain ez ditut zortzi milakoak egiten, baina, adibidez, nire semeak urte eta erdi zituenean –orain 4 urte egingo ditu– Himalaiara itzuli nintzen, 7.000 metroko gailur bat igotzera. Beraz, segitzen dut goi mendiarekin harremana izaten, baina ez lehen bezalako helburu handiekin eta presio mediatikoarekin. Mendia nire bizitzaren parte da, eta urtero mendiari lotutako planak egiten ditut, baina, orain, lagunekin eta beste erritmo batera. Gaur egun, Pirinioetan ematen dut urtearen parte handiena; orain Aran ibarrean (Herrialde Katalanak) nago, eta negua hemen pasatzen dut. Abendutik maiatzera hemen egoten naiz hainbat jarduera eginez, eta urtearen beste zatia Donostian ematen dut.

Hamalau zortzi milakoak igo zituen lehen emakumea izan zinen. Zer balio ematen diozu lorpen horri?

Egia esan, urruti ikusten dut hori guztia, beste bizitza bat bizi izan banu bezala. Hitzaldiak ematetik-eta bizi naiz orain; enpresetako kideei saioak ematen dizkiet motibazioa eta trebakuntza lantzeko. Horretarako, asko ikusten ditut zortzi milakoak egin nituen sasoiko irudiak, eta beti iruditzen zait beste bizitza bat bizi izan nuela; bizitza bat orduan, eta bestea orain. Noski, garrantzi handia ematen diot hamalau zortzi milakoak egin izanari, baina egia da hori lortu ondoren beste era batera bizi izan naizela; orduan bizi izandako esperientziak enpresa munduari azaltzen aritzen naiz orain. Hamalau zortzi milakoak igotzea nire helburua izan zen hamar urtez, eta pozik nago lortu nuelako, baina beno, azkenean, nire bizitza ez da hainbeste aldatu. Mendia gustatzen zitzaidan, eta lortu nuen hortik bizitzea; hori izan zen neure buruari jarri nion erronka. Egia da gaur egun hori ez dela batere erraza.

Hitzaldiak-eta ematen aritzen zara orain. Zertan laguntzen dute zuk mendian egin zenituen lorpen horiek enpresa munduan jendea motibatzerakoan?

Guk helburu batzuk zehazten genituen espedizio bat egiten genuenean, eta hamalau zortzi milakoak egitea ere helburu bat izan zen. Gaur egun, enpresek helburuak zehazten dituzte, eta helburu horiek lortzeko, nik bezala, talde bat behar izaten dute; mundu honetan oso zaila da zerbait lortzea talderik gabe. Hitzaldietan azaltzen dut nik nola kudeatzen nituen taldeak, zer garrantzitsua den helburu berarekin lan egitea taldekide guztiek, komunikazio egokia izatea... Antzekotasun handia dago enpresa munduaren eta zortzi milako bat eskalatzearen artean. Gainera, osasun larrialdia tarteko, ezjakintasunez betetako une batean bizi gara orain, eta guk ere ez dugu jakiten zer gertatuko den mendira joaten garenean. Erabakiak hartu behar izaten dira, berrasmatu... Azkenean, nahiko gauza antzekoak gertatzen dira enpresa munduan eta zortzi milako bat eskalatzen.

Azpeitian Mountain filmaren ondoren emango duzun hitzaldiak motibazio kontu horrekin lotura izango du, edo beste zerbaitez hitz egingo duzu?

Filmarekin lotura gehiago izango du hitzaldiak. Dokumentalaren zuzendaria galdera bati erantzuten  saiatu da filmarekin: zergatik joaten gara mendira? Hori da planteatzen duen galdera. Duela mende batzuk, mendia oso urruti ikusten zen, deserosoa zen leku bat iruditzen zitzaion gizakiari, arriskutsua... Baina gizartea aldatzen joan da, eta gizakiak mendira jo du deserosotasun horren bila. Niri beti egiten didate galdera bera: "Hain gaizki pasatzen baldin baduzue, bidean lagunak galdu baldin badituzue, zerk bultzatzen zaituzte berriz ere mendira joatera?". Dokumentalean galdera horri puntu ezberdinetatik erantzun nahi izan zaio. Horretaz hitz egingo dugu dokumentala ikusi ondoren.

Zergatik itzultzen zarete berriz mendira?

Uste dut barruan daramagun gauza bat dela. Dokumentalak hori azaltzen du. Azkenean, filosofia bat da; kontua zera da: non sentitzen den norbera ongi, benetan non sentitzen den norbera zoriontsu. Bakoitzak sentimendu ezberdinak izan ohi ditu gauza beraren aurrean: guk mendiarekiko sentitzen duguna askotan ez du ulertzen hiri batean bizi denak, nik beraiek egiten dituzten gauza batzuk ulertzen ez ditudan bezala. Azkenean, ondorio batera iristen zara: bakoitza mundu bat da, eta errespetatu egin behar da. Ni zoriontasuna han aurkitu dudalako bueltatzen naiz mendira. Nonbaiten zoriontasun sentimendu hori sentitzen baduzu, nahiz eta gaizki pasatu edo lagunak galdu, bueltatu egiten zara.

Mendia leku ederra den arren, bere arriskuak ere baditu. Mendigoizaleok askotan egon ohi zarete bizitzaren eta heriotzaren arteko mugan. Nola egiten zaio aurre arrisku horri, beldur horri?

Bakoitzak muga ezberdinak izaten ditu. Nik arriskua sentitu dezaket puntu batean, eta beste batzuek beste puntu batean, eta beldur hori kudeatzea ez da erraza izaten. Nik beti izan dut mendira joateko eta han zerbait gertatzeko beldurra, baina beldur horrek ez nau blokeatu edozein erabaki hartzerakoan. Izan ere, mendiak irakatsi dit beldur horri entzuten jakin behar dela. Beldurra sentitzen hasten zarenean, nonbaiten ez zarelako seguru sentitzen edo beste arrazoi batengatik, bakoitzak bere buruarekin zintzoa izan behar duela uste dut. Norbere buruari galdetu behar zaio: "Zergatik sentitzen dut beldur hori?". Nik beti esaten dut beldurra oso lagun ona izan daitekeela mendian; izan ere, askotan horregatik bueltatu izan gara etxera. Horri entzuten jakitea garrantzitsua izan da nire bizitzan. Dokumentalean zera esaten da: "Hau arratoi baten modukoa da; jaten ematen badiozu, ez da asetzen, gehiago nahi du". Eta norberak jakin behar du zein den bere muga; niretzako hor dago gakoa. Askotan ez da erraza izaten muga hori non dagoen jakitea, eta batzuetan muga horretatik pasatu egin izan gara.

Mendiari lotuta, beste hainbat ekitalditan parte hartu izan duzu Azpeitian. Zer harreman duzu gaur egun Azpeitiko mendizaleekin?

Azpeitiko mendi elkartean hitzaldiak ematen-eta egon izan naiz. Euskal Herria ez da oso handia, eta askotan egin izan dut topo Azpeitiko mendizaleekin; azpeitiarrak ere egon izan dira nirekin Himalaian. Euskal Herrian ez dago mugarik, eta uste mendiarekiko maitasuna sentitzen dugun denok elkartu egiten garela. Azkenean, denok leku berean eman genituen lehen pausoak: Tolosako mendi elkartearekin hasi nintzen ni mendian, eta Azpeitian ere mendi elkartea dago; dena lotuta dago. Harrigarria da; izan ere, jendeak zera esaten digu: "Nola da posible Euskal Herrian hainbesteko mendizaletasuna egotea?". Ba ez dakit. Gure gurasoek nahiz aitona-amonek transmititu digute zaletasun hori, baina baita herriak berak ere.