G-Naturaldiaren barruan, bi film emango dituzte Azpeitian

Ihintza Elustondo 2021ko api. 10a, 08:28

'Mountain' filmeko une bat.

Apirilaren 14an Mountain emango dute, eta ondoren, Edurne Pasabanekin solasaldia izango da. Apirilaren 21ean, berriz, Dehesa ikusi ahal izango da. Soreasun izango dira emanaldiak, eta aurrez gonbidapenak hartu behar dira, Kulturazen webgunean.

G-Naturaldia egitasmoa Azpeitira iritsiko da datozen egunetan. Naturari lotutako filmak eskaini ohi ditu G-Naturaldiak, eta, bereziki, pertsonek naturarekin duten harremana islatzen dutenak. Herriz herri, hainbat emanaldi eskaini ohi dute, eta Azpeitian bi film ikusi ahal izango dira; apirilaren 14an eta 21ean, hain zuzen ere.

Apirilaren 14an, Mountain filmaren emanaldia izango da, 19:00etan, Soreasu antzokian. Mendiekiko obsesioaren esplorazioa islatzen du ikus-entzunezkoak. Duela hiru mende, mendi bat eskalatzea erokeria zen, eta ia ez zegoen pentsatzerik ere paisaia basatiak erakargarriak izan zitezkeenik. Mendi gailurrak leku arriskutsuak ziren, ez ederrak. Mendiek sortzen duten lilura eta bizitzak zein ametsak moldatzeko duten gaitasuna erakusten ditu filmak. Emanaldia amaitzean, solasaldia izango da Edurne Pasaban mendigoizalearekin.

Apirilaren 21ean, berriz, Dehesa izango da ikusgai, 19:00etatik aurrera, Soreasun. Inork gutxik ezagutzen duen Iberiar penintsulako toki bat erakutsi nahi du filmak; munduan parekorik ez duen basoa, non askotariko sentsazioak deskubri daitezkeen. Arteek, artelatzek eta erkametzek gudu zelaia eratzen dute, eta, bertan, belarjale handiek erronka jotzen diote elkarri; katamotz iberiar isilak zein arrano ikaragarriak ehizan aritzen dira, eta loreak kamuflaje harrigarriekin jantzitako harraparien ezkutaleku bihurtzen dira. Baina, horrez gain, urtero urrutitik joandako milaka bidaiari hartzen dituen leku atsegina ere izan daiteke basoa, paraje horietan izaten baitute neguko bizilekua. Izan ere, eguraldi epelagoa bilatzen dute, eta, horrekin batera, jakirik preziatuena: Dehesako urrea; hau da, ezkurrak.

Doako emanaldiak izango dira biak, baina gonbidapena beharko da Soreasu antzokira sartzeko. Nahi duenak eskuragarri ditu gonbidapenak Kulturazen webgunean