Jagoba Labaka, oraingoan txapeldunorde

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 28a, 12:16
Labaka, Goikoetxea, Zaldua eta Segurola, atzoko sari banaketan. (Oriamendi)

Goikoetxea V.ak eta azpeitiarrak 40 eta 26 galdu zuten atzo erremonteko Oriamendi Txapelketa, Segurolaren eta Zaldua I.aren kontra. Aizpuru III.a ere galtzaile izan zen hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan.

Urteko bigarren txapela jantzi gabe gelditu da Jagoba Labaka erremontista azpeitiarra. Joan den urtarrilean Erremonteko 50. Binakako Txapelketa irabazi ondoren, atzo Oriamendi Txapelketaren finala galdu egin zuen Labakak; Goikoetxea V.a aurreko koadroetan lagun zuela, txapeldunorde postuarekin konformatu behar izan zuen azpeitiarrak, Segurolaren eta Zaldua I.aren kontra 40 eta 26 galdu ondoren.

Partidarik galdu gabe iritsi ziren finalera Goikoetxea eta Labaka, baina partida erabakigarrian nagusitasunez irabazi zieten Segurolak eta Zalduak. Garaipen argia eskuratu zuten txapeldunek, emozioari tarte gutxi utzi zioten finalean. Aizarnazabalgo aurrelaria izan zen finaleko pilotaririk onena: hemeretzi tanto sinatu zituen eta xapelketan zehar erakutsi duen maila berretsi zuen atzo Segurolak. Labakak ere lan ona egin zuen, baina Goikoetxearen egun txarrak eta Segurolaren nagusitasunak guztiz baldintzatu zuten finala.

Finalaren aurretik jokatu zen txapelketaren hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida. Hor ere tartean izan zen pilotari azpeitiar bat, Joxin Aizpuru, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zen azpeitiarra. Gero finalean gertatuko zenaren antzera, lehen partida horretan ere markagailuan alde handia izan zen: Mirubiak eta Martirenak 40 eta 23 irabazi zieten Urrutia III.ari eta Aizpuru III.ari.