Pasaiako segadan hildakoak gogoan izan dituzte 37. urteurrenean

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 22a, 20:31

Pelitxoren eta Kurroren senideak eta herritar ugari elkartu dira Enparan dorretxearen zelaian lore eskaintzaren ekitaldian. Betharramen, berriz, martxan da segadaren gaineko informazioa jasotzen duen erakusketa.

Iaz konfinamenduak eten zuen urteroko hitzorduari eutsi diote berriro aurten eta gaur, martxoaren 22an, 1984an Espainiako poliziak gaurko egunez Pasaiako badian hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak –Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak– gogoan izan dituzte Azpeitian.

Herritar ugari elkartu dira Eparan dorretxearen atzeko zelaian, Pasaiako segadan hildakoen monolitoan egin den lore eskaintzaren ekitaldian Pelitxoren eta Kurroren senideei babesa emanez. Bertsoak, musika eta ohorezko aurreskua ez dira falta izan ekitaldian. Peio Aizpuruk, Kurroren anaiak, hartu du hitza. Senideentzat gaurkoa "urteko egunik berezienetakoa" dela esanez hasi du hitzartzea eta urteroko ekitaldiaren arrazoia eman du, "gogoan ditugulako, maite ditugulako eta ez ditugulako sekula ahaztuko". Pasaian gertatutakoa "estatu terrorismoa" izan zela nabarmendu eta justizia eza salatu du Aizpuruk; "ez dugu sekula barkatuko", adierazi du. Horrez gain, ekitaldian parte hartu dutenen "babesa" eskertu nahi izan du, aurtengoa "pixka bat bereziagoa eta garrantzitsua" zela aipatuta, eta azpimarratu du "izan norbanakoak, izan taldeak, elkarlanerako prest dauden guztiekin lanerako prest" daudela senideak, "lehen, orain eta etorkizunean". Era berean, zapatu honetan Azoka Plazan egingo duten ekitaldian parte hartzeko gonbita ere egin die Enparan dorretxe ondoan elkartutakoei.

Erakusketa, martxan

Enparan dorretxeko monolitoaren bueltan egindako ekitaldiaren aurretik, 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian gertatutakoaren eta han hil zituztenen gaineko informazioarekin osatu duten erakusketa ireki dute Betharrameko aretoan.

Erakusketa hori zapatura arte egongo da martxan, astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta zapatuan 12:00etatik 14:00etara.