Pasaiako segadaren 37. urteurrena gogoratzeko ekitaldia egingo dute zapatuan

Anartz Izagirre 2021ko mar. 22a, 14:25
Pasaiako segadaren XXXVII. urteurreneko ekitaldien aurkezpena, Basazabal jauregian. (Anartz Izagirre)

Gaur, astelehena, 37 urte bete dira Espainiako poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituenetik, eta astean zehar izango diren ekitaldien berri eman dute senideek Basazabalen. Gaur lore eskaintza egingo dute Pasaiako segadan hildakoen omenezko monolitoan, eta zapatuan, hilak 27, ekitaldi berezia egingo dute plazan.

Askotariko ekitaldiak izango dira aste osoan zehar Pasaiako segadaren 37. urteurrena gogoratzeko. Izan ere, gaur, astelehena, 37 urte bete dira Espainiako poliziak Pasaian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituenetik. "Egia, aitortza eta erreparazioa" helburu, aurtengo ekintzak aurkeztu dituzte gaur Basazabal jauregian, eta bertan izan dira Pasaian eraildakoen senide diren Arantxa Isart eta Peio Aizpuru, Egiari Zor fundazioko Tasio Arrizabalaga eta aurtengo ekitaldi nagusian parte hartuko duten Jotakie taldeko Manolo Aizbitarte zein Jose Luis Otamendi idazlea.

Guztira, lau ekitaldi izango dira Pasaiako segadaren urteurrena gogoratzeko. Alde batetik, gaur, astelehena, lore eskaintza egingo diote lau eraildakoei Enparan dorretxearen atzealdean duten monolitoan, eta, bestetik, sarraskiarekin lotutako erakusketa zabalduko dute Betharram aretoan; hilaren 28a bitartean izango da ikusgai. Bestalde, herriko hainbat gaztek mural bat margotuko dute Pasaian eraildakoen omenez, eta aurtengo ekitaldi nagusia, berriz, zapatuan, hilak 27, izango da. Ekitaldi berezia prestatu dute zapaturako, eta hainbat pertsonak parte hartuko dute bertan. Eneritz Arzallus kazetariak aurkeztuko du ekitaldia, eta, horretarako, Jose Luis Otamendi idazleak osatutako gidoia izango du oinarri; horrez gain, Jotakie taldeak ekitaldia biribilduko du musikarekin. Era berean, oraindik desagertuta dagoen Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia Eneko Etxeberria ere izango da ekitaldian, Egiari Zor fundazioaren ordezkari moduan.

Biktimen aitortza xede

Tasio Arrizabalagak Egiari Zor fundazioaren jarduna izan du hizpide aurkezpenean. Hark adierazi duenaren arabera, fundazioaren xedea da "estatuen indarkeria jasan duten biktimen alde" lan egitea, eta biktimen senideek, zaurituek, torturatuek zein bestelako biolentzia mota batzuk jasan dituztenek osatzen dute fundazioa. 2012. urtean hasi zuten ibilbidea horiek, "biktima gisa aitorpen ofizialik" jasotzen ez zutela iritzita. Ildo horretatik, Arrizabalagak adierazi du "ezinbestekoa" dela giza eskubideen urraketen aitorpena: "Gu sinetsita gaude ezinbestekoa dela euskal gatazkaren testuinguruan gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak aitortzea eta erreparatzea, etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko: hil dituzten pertsona guztienak, zauritu dituztenenak, baita torturatu dituztenenak ere".

Egiari Zor fundazioa martxoaren 27ko ekitaldian izango dela azpimarratu du Arrizabalagak, eta etzi, asteazkena, izango den Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunaz ere aritu da: "Egia jakiteko eskubidea, giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimena izateaz gain, gizarte osoarena ere baden eskubidea da, gu guztiona. Egiari Zorretik egun horretan aldarrikatuko dugu beharrezkoa dela oraindik aitortza jasotzeke dauden biktima horiek guztiak ofizialki aitortzea".

Horretarako, hainbat mekanismo dituztela azaldu du Egiari Zorreko kideak; besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren 12/2016 legea: "Lege horren helburua da babes juridikoa eta aitortza ematea Euskal Herrian 1979. eta 1999. urteen artean Espainiako Estatuak modu zuzenean edo zeharkakoan praktikara eramandako biolentziaren biktimei". Eskaerak aurkezteko epea abendura arte dago zabalik, eta, esaterako, Pasaiako sarraskian hildakoen senitartekoek aurkeztu dituzte dagoeneko aitortza eskaerak. Ildo horretatik, Arrizabalagak gogorarazi du eskabideak aurkezteko laguntza eskaintzen duela fundazioak, 944-04 53 63 telefonora deituta edo info@egiarizor.eus helbide elektronikora idatzita.

"Egia, aitortza eta erreparazioa"

Bestalde, Peio Aizpuruk, Dionisio Aizpuru Kurroren senideak, Pasaiako segadan gertaturikoa izan du gogoan aurkezpenean. Haren arabera, Pasaian duela 37 urte gertaturikoa zein halako beste hainbat gertaera "Espainiako Estatuaren biolentziak eragin duen inpunitatearen adibide garbi-garbia" dira, eta azpimarratu du hori baieztatzeko "nahikoa argudio" dituztela. "Rosa Jimenoren atxiloketarekin hasi zen dena. Poliziak Rosa bahitu ondoren prestatu zuen Pasaiako segada, eta ehunka poliziak bortizki tirokatu zituzten gure lau senideak". Aizpuruk gogoratu du 28 bala zulo topatu zizkiotela Pelitxori zein Peluri, eta, horrez gain, tiroketatik bizirik atera ziren Txapas eta Kurro ere fusilatu egin zituztela; 21 eta 36 bala zulo topatu zizkieten horiei.

"Horren guztiaren definizioa inpunitatea da", azaldu du Aizpuruk, eta adierazi du epaileak erailketak argitzeko ikerketa abiarazi bazuen ere, ez zutela "polizia bat bera ere" deklaratzera deitu. Hori guztia salatzeko, "egia, aitortza eta erreparazioa" eskatu ditu Aizpuruk: "Elkarbizitza hitzean eta hortzean darabilgun garaiotan, egia, aitortza eta erreparazioa ezinbestekoak dira, eta guk hori aldarrikatzen jarraituko dugu".