Torturak jasan zituzten herritarrei aitortza egingo die udalak asteazkenean Soreasun

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 5a, 09:29
2020ko otsaileko Uztarria aldizkariaren azaleko irudia. (Uztarria)

Mikel Zabalzaren hilketa ardatz duen Non dago Mikel? dokumentala izango da ikusgai datozen egunetan Soreasu antzokian. Asteazkenean eskainiko dute azkenekoz, eta hitzordu hori aprobetxatuko du udalak torturak jasan zituzten azpeitiarrei aitortza egiteko. Bertan izango dira Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino –filmaren bi zuzendariak–, eta Oihana Zabalza, Mikel Zabalzaren iloba. Dokumentala amaitzean solasaldia izango da. 

Azpeitiko Udalak torturak jasan zituzten herritarrei aitortza egingo die asteazkenean, hilak 10, Mikel Zabalzaren hilketaren inguruko Non dago Mikel? dokumentalaren azken emanaldiaren aurretik. Soreasu antzokian eskainiko dute dokumentala datorren zapatuan, asteartean eta asteazkenean, eta ikus-entzunezkoaren azken proiekzioa hasi baino lehen, asteazkenean 19:00etan, egingo du udalak tortura jasan zuten herritarren omenezko aitortza ekitaldia. Horren ostean emango dute dokumentala, eta amaitzean ikus-entzunezkoaren inguruko solasaldia izango da. Udalak jakinarazi duenez, ekitaldian izango dira Nagore Alkortarekin batera Oihana Zabalza, Mikel Zabalzaren iloba eta filmaren zuzendariak, Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas. Haiek hartuko dute hitza ikus-entzunezkoa amaitzean. 

Azpeitiko Udalaren hitzetan, erakundeak "menoria historikoa eta hurbileko historiaren ikerketa sakona" egin du, "gertatutako giza eskubideen inguruan egia, justizia eta erreperazioa aldarrikatuz". Bide horretan, udalak orain artean herriko historia jaso eta ezagutarazteko "ahalegin berezia" egin duela azaldu du. Udalak egindako azterketak eta plazaratutako liburuak dira egindako lanaren adibide. Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, "Azpeitian, udalak egindako azterketen arabera, 97 tortura kasu daude identifikatuta. 97 giza eskubide urraketa, hain zuzen ere". Horiei egingo diete aitortza.

Torturak jasan izan zituzten herritarren testigantzak jaso zituen Uztarriak 2020ko otsaileko aldizkarian. Hain zuzen, 1960. eta 2017. urteen artean baina hamarkada desberdinetan torturak jasan zituzten hiru herritarren lekukotzak jaso zituzten Julene Frantzesena eta Maialen Etxaniz kazetariek Itxi ezin diren zauriak izeneko erreportajean.