Zapatuan, asteartean eta asteazkenean emango dute 'Non dago Mikel?' dokumentala

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 4a, 15:29

Mikel Zabalza.

Astelehenean ez da emanaldirik izango. Asteazkenekoan, berriz, Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino zuzendariak eta Oihana Zabalza, Mikel Zabalzaren iloba, Soreasun izango dira filma aurkezteko. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.

Non dago Mikel?, Mikel Zabalzaren hilketaren gaineko dokumentala, emango dute datozen egunetan Soreasu antzokian, baina hasieran emandako datetan aldaketak iragarri ditu Kulturaz kooperatibak.

Hasieran, zapatuan eta astelehenean ematekoak ziren ikus-entzunezkoa. Aldaketen ondoren, zapatuko emanaldia mantendu egingo dute, astelehenean ez da emanaldirik izango, baina bai beste bi, bata asteartean eta bestea asteazkenean; guztiak, 19:00etan hasita.

Aldaketen arrazoietako bat da Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino –filmaren bi zuzendariak–, eta Oihana Zabalza, Mikel Zabalzaren iloba, Azpeitian izango direla asteazkeneko emanaldirako, dokumentala aurkezteko.

Sarrerak kulturaz.eus webgunean eros daitezke.