'Non dago Mikel?' dokumentala izango da ikusgai aste honetan Soreasun

Anartz Izagirre 2021ko mar. 2a, 09:05

Mikel Zabalzaren hilketaren inguruko ikus-entzunezkoa hilaren 6an eta 8an ikusi ahal izango da, 19:00etan. Dagoeneko eskuragarri daude sarrerak Kulturazen webgunean.

Aste honetan Euskal Herrian egindako Non dago Mikel? dokumentala izango da ikusgai Soreasu antzokian. Hilaren 6an eta 8an eskainiko dute filma, 19:00etan hasita, eta dagoeneko eskuragarri daude sarrerak Kulturazen webgunean. Joan zen ostiralean estreinatu zuten Miguel Angel Llamasek eta Amaia Merinok zuzendutako lana.

Honako hau da dokumentalaren sinopsia: "Non dago Mikel? 1985ean Mikel Zabalza nafar gaztea desagertu zeneko kontakizuna da, Guardia Zibilak ETAko militante batekin nahasi eta atxilotu zutenekoa. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete ziren Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia jakin nahian jarraitzen du".