Kirol Patronatuko bazkideek konpentsazioa jasoko dute instalazioen itxieragatik

Anartz Izagirre 2021ko ots. 19a, 10:29

Aurtengo lehen sei hilabeteetako kuota kobratu du dagoeneko Kirol Patronatuak, eta joan den urteko hobariaren zati proportzionala aplikatu dute. Ekainetik aurrera hilero kobratuko dute kuota, falta diren hobariak aplikatuta.

COVID-19 gaitzaren hedapena zela eta, udal eraikinak ixteko agindua eman zuen Azpeitiko Udalak joan zen urtarrilaren 25ean. Ordutik otsailaren 12a bitartean herritarrek ezin izan zituzten herriko hainbat instalazio erabili —tartean, kirol azpiegiturak—; halako kasuengatik, udalak hainbat aldaketa egin ditu Kirol Patronatuko kuotak kobratzeko moduan.

Alde batetik, iazko egoera ikusita urte hasieran 2021. urteko lehen seihilekoaren kuota kobratu zieten Kirol Patronatuko bazkideei. Kuota hori kobratzerakoan iazko hobariaren zati proportzionala aplikatu zuten, %12,5a, hain zuzen. Ekainetik aurrera, berriz, hilero kobratuko dituzte kuotak, eta iazko hobariaren zatiak aplikatzeaz gain, datozen asteetan eta hilabeteetan gerta daitezkeen itxialdien konpentsazioak ere aplikatuko dituzte; tartean, azken itxialdikoa.

Horrez gain, Azpeitiko Udalak adierazi du joan den urtearen amaieran baja eman zuten bazkideei dirua itzuliko dietela.