Koronabirusa Azpeitian

Ekitaldi oro bertan behera utzi eta udal instalazioak itxiko dituzte hamabost egunez

Julene Frantzesena 2021ko urt. 25a, 19:17

Azpeitiko egoera "oso larria" dela iritzita, Jaurlaritzak ezarritakoak baino neurri zorrotzagoak hartzea erabaki du udalak. Neurri horiek gutxienez otsailaren 8ra arte egongo dira indarrean. Herriko hezkuntza zentroekin, eragileekin eta lantokiekin ere harremanetan dago udala, eta haien jarduera murriztea eta prebentzio neurriak zorroztea aztertzen ari dira.

Azpeitiak 100.000 biztanleko mila positiboren muga gainditu du asteburuan, eta hori dela eta, neurriak zorroztuko ditu udalak. Hain zuze ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileez gain, bihartik aurrera eta hamabost egunez –otsailaren 8ra arte–, itxita izango dira udal eraikinak, hala nola kiroldegia, igerilekua, liburutegia, ludotekak, Gaztelekua, Emakumeen Txokoa, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea.

Horrez gain, kultur ekitaldi oro bertan behera uztea adostu dute Kulturaz kooperatibak eta udalak, eta gainerako ekitaldi guztiak ere bertan behera geldituko direla adierazi du erakundeak. Gainera, udalak jakinarazi duenez, herriko hezkuntza zentroekin, eragileekin eta lantokiekin harremanetan dago, jarduera murrizteko eta prebentzio neurriak zorrozteko.

Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, Azpeitiko egoera "oso larria" da. "Dagoeneko 100.000 biztanleko mila kasuren langa igaro dugu. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak bete ditugu, baina egoerak okerrera egin du. Horregatik, Osasun Sailarekin kontrastatuta, neurriak zorrozteko eta ezohiko erabakiak hartzeko unea dela ulertzen dugu".

Foku zehatzik ez

Udala Osasun Sailarekin jarri da harremanetan, eta erakundeak azaldu duenez, eskualdeko ESIko ordezkarien arabera, Azpeitian gaur-gaurkoz ez dago koronabirus foku zehatzik. Dena den, birsorkuntza tasa 2,49koa dela ohartarazi du; hau da, kutsatu bakoitzeko 2,49 kutsatzen direla alegia. Udalak jakinarazi duenez, datozen egunetan datuek "okerrera" egitea espero du, gainera, Osasun Sailak.

Alkatearen arabera, egoera "orokorrean" da kezkagarria, "bai Azpeitian, bai herrialdean". Horregatik, erakunde guztiek datu horiei aurre egiteko "ahalegina" egin behar dutela azpimarratu du Alkortak: "Datu horiek eskuen artean, eta Osasun sailarekin informazioa partekatu ostean, udalak pauso bat gehiago eman, eta instalazio publikoak ixtea erabaki du".

Egoeraren aurrean, herritarrei "arduraz" jokatzeko deia egin die Azpeitiko alkateak: "Orain, inoiz baino gehiago, neurriak errespetatzeko unea da, herriaren onerako jokatzeko unea. Datozen egunetan izaten dugun jarrerak garrantzi handia izango du pandemiaren bilakaeran, herrian zein herritik kanpo. Beraz, prebentzio neurri guztiak errespetatzeko eta lau lagunetik gorako bilkurak ez egiteko eskatzen diegu herritarrei".