Karnabalak 2021

Aurtengoa, karnabalik gabeko urtea

Maialen Etxaniz eta Urtzi Oteiza 2021ko ots. 12a, 14:31

Aurten ez da karnabalik ospatuko Azpeitian. Aurten ez da sokamuturrik izango, ezta Elegante Egunik ere. Aurten ez dira kolorez eta irudimenez jantziko Azpeitiko kaleak. Ez dugu herriko plaza jendez beteta ikusiko eta ez dugu elkarrekin "Hementxe dala!" kantatzerik izango. Iristear dagoen asteburuan, igandean, hasiko ziren karnabalak Azpeitian, Elegante Egunarekin. Karnabalak modu berezian bizi dituzte Belen Zendoiak, Alex Berasategik eta Esteban Camposek, eta haiekin solastu da Erlo Telebista karnabalik gabeko urte honetan dituzten sentipenez solasteko.

Zendoiak mimoz landutako mozorro ikusgarriak sortzen ditu urtero, eta familian mozorrotuta ateratzen dira Astelehen Karnabal gauean. Berasategi sokamutila da, eta karnabaletan ordu asko igarotzen ditu sokamuturraren bueltan. Camposek urteak daramatza Astelehen Karnabal eguerdiko mozorro desfilean parte hartzen, karroza eta guzti.