Azpeitiko Udalak harrera egin dio Juaristi ISB taldeari

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 31a, 16:11
Nagore Alkorta, Ibon Guridi, Maier Lizaso eta Jose Luis Zubizarreta, udaletxean. (Azpeitiko Udala)

Zilarrezko LEB Ligako Kopako finala irabazi zuen atzo Juaristi ISBk, eta horren harira, Azpeitiko Udalak harrera egin dio saskibaloi taldeari.

Juaristi ISBk Zilarrezko LEB Ligako Kopa irabazi zuen atzo, larunbata, Bartzelona B taldea garaituta. 82 eta 84 menderatu zituen Iñaki Jimenezen taldeak aurkariak, eta garaipena eskuratuta, bigarren urtez jarraian Zilarrezko LEB Ligako Kopako txapelduna da Juaristi ISB.

Garaipen hori dela eta, Azpeitiko Udalak harrera egin dio gaur saskibaloi taldeari. Osasun larrialdia tarteko, oso jende gutxi elkartu da harreran: bertan izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi saskibaloi klubeko zuzendaria, Maier Lizaso klubeko lehendakaria eta Ibon Guridi Juaristi ISBko kapitaina. Saskibaloi taldeko kideak zoriontzeaz gain, lore sorta bat eta oroigarria eman dizkie haiei alkateak.